AKTUALITATEA


| 2025-03-31 14:44:00

Bizkaiko udalerrien finantzaketaren egungo errealitateari buruzko hausnarketa egin de Bizkaiko EH Bilduk. Azken egunotan jakin izan dugu Bizkaiko udalek Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxa funtsatik eta Gizarte Zerbitzuen Foru Funtsaren jasotzen duten finantzazioa dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024ko tributuetatik eratortzen den diru-bilketa gutxitu denez, udalek dirua bueltatu behar dutela.

 

EH Bilduren ustez, dirua banatzeko sistema aldatu behar da, eta, horretarako, beste planteamendu bat egin behar da, tartaren banaketan udalek zati handiagoa lor dezaten. Izan ere, esan du Iker Casanova EH Bilduo bozeramaileak «udaletxeak herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak direlako, eta horren harira, zerbitzu publikoa eskaintzeak eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten proiektu eta ekimenak finantzatzeak lehentasun osoa izan behar du». Casanovarekin batera, Maite Ibarra, Mikel Urrutia eta Amaia Lekue, Arrigorriaga, Abadiño eta Larrabetzuko alkateak izan dira agerraldian.

 

EH Bilduren aburuz, «udalak diru publikoaren banaketetan beti kaltetuta ateratzen da eta egoera horri bukaera eman behar zaio. Orain ia hamarkada bat onartu zen EAEko Toki Erakundeen Legeak herritarrengandik gertuen dauden instituzioen berezko zerbitzu eta eskumenak zehaztu zituen. Zerbitzu eta eskumen horiek, subsidiaritate-printzipiotik abiatuta, positiboki eragin dute gure bizilagunentzako zerbitzuen kalitatean eta, horrez gain, lege hau tokiko autonomia indartzeko tresna bilakatu dela esan dezakegu. Hala ere, finantziazio egokirik gabe ez da nahikoa udalek duten politika eta eskumenak modu egokian aurrera eramateko».

 

Casanovak gaineratu du «Bizkaiko Foru Aldundiak diru-bilketa txikiagoa duenez, Bizkaiko zerga-sistemari buruzko gogoeta egin behar da, eta konpromisoa hartu behar da horrek udal-finantzaketan izan dezakeen eraginari aurre egiteko. EH Bilduk lanean eta ekimenak sustatzen jarraituko du, udalek beren beharrei aurre egiteko behar duten finantziazioa jaso dezaten».

 

 

Maite Ibarra (Arrigorriaga alkatea) «EH Bilduk ekimen bati ekin dio aste hauetan Bizkaiko udaletan. Bizkaiko udalok eskatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak zerga itunduak finantzatzeko erabiltzen duen ehunekoa handitzeko, udalek baliabide ekonomiko eta finantzario handiagoak izan ditzaten herritarrei zerbitzu publiko guztiak ematen zaizkiela bermatzeko behar adina.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak %39,66 bideratzen du Bizkaiko udaletara zerga itunduetatik, eta aspaldidanik ez da partaidetza horren ehunekoaren egokitasuna eguneratu edo aztertu, nahiz eta udalen eskumenak gero eta handiagoak izan.

 

Errealitate horri gehitu behar zaio, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024ko zergetatik eratorritako bilketaren murrizketaren ondorioz, udalek itzuli egin behar dutela Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxa funtsetik eta Gizarte Zerbitzuen Foru Funtsetik jasotzen duten finantzaketa. 2024ko likidazioaren arabera, Bizkaiko udalerriek 57,7 milioi euro itzuli behar dituzte. Itzulketa % 41 igo da, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak udalek 40,9 milioi euro itzuli beharko zituztela aurreikusi baitzuen.

 

Arrigorriagan adibidez, egoera horren ondorioz, aurten 518.000 €itzuli behar ditugu, eta hori da, adibidez, gure udalak, adibidez, udalerriko klub edo elkarteentzako dirulaguntzetara (503.000€), edo Kultura (643.000€) eta Gazteria (466.965€) arloetara bideratzen duen koputrua. Hain garrantzitsuak diren den Gizarte Zerbitzuetarako inbertitzen dugun zenbatekoaren erdia ere bada (1.065.000€).

 

Zaharrak berri eta egoera jasangaitza bihurtzen hasi da. Ezin dugu horrela jarraitu. Udalak herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea gara, eta haien beharrei erantzun ahal izateko eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko, finantzaketa handiagoa behar dugu».