AKTUALITATEA


| 2025-03-19 16:30:00

Memoria historikoaren esparruan lan talde bat osatzea eskatu du gaur EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietako (BBNN) osoko batzarrean, mozio baten bitartez. «Bizkaian memoria historikoaren baitan egindako lanak bildu, difusio lana egin eta plangintza bat egituratuko duen lan talde batetaz ari gara -zehaztu du Bea Ilardia apoderatuak- Bizkaiko Foru Aldundiaz gain, adituak, Euskal Herriko Unibertsitatea, talde memorialistak, memoria historikoa landu duten udalak, Batzar Nagusietako talde politikoen ordezkariak eta beste eragile batzuek osatutako mahaiaz ari gara».

 

EAJk eta PSEk EH Bilduren proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu eta onartu dute. Bertan, Gogora institutua zuzendaritzaren bermatzailetzat eta erreferentzialtasuntzat jotzen dute memoria historikoari dagokion guztian. PPk ere bat egin du proposamen honekin. Bizkaiko Gobernu taldea osatzen duten alderdiek argudiatu dute Gogorak «ateak irekita» dauzka eta «ez da beharrezkoa beste egitura bat sortzea».

 

«Ez dugu bikoiztasunik sortu nahi -erantzun du Bea Ilardiak- gura dogune, proposatzen dogune, memoria historikoaren lanketa egituratu, indartu eta hobeto antolatu bat. Hau da guk defendatzen duguna: Gogora eta Eusko Jaurlaritzak lan egin behar dute, baina Bizkaian bertan ez badugu lana egituratzen, nola ziurtatuko dugu bertako lana behar bezala jasotzen eta hedatzen dela?».

 

Bizkaian badaude memoria historikoaren inguruan talde memorialista asko, hainbat udalek sustatutako proiektuak, altxamendu faxistaren ondoren errepresaliatuak izan ziren pertsonen senideek lortutako dokumentazioa, Aranzadik eta EHUk egindako ikerketak, ekarpen eta indusketa lanak, ekarri du gogora EH Bilduk, baina, Bea Ilardiak esan bezala, «lan horiek guztiak, jakintza guzti hori, oso sakabanatuta dago eta beharrezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiak horiek guztiak bateratzeko ardura hartzea, ondasun bilakatuz eta memoria historikoaren inguruko ikuspegi integral bat osatuz».

 

 

Desgaitasuna duten 21 urtetik gorako jendeari baliabideak

 

Bestalde, desgaitasuna duten 21 urtetik gorako pertsonek kirola eta aktibitate fisikoa egiten jarraitu ahal izateko, behar diren baliabideak jartzeko azterketa bat egin dezala eskatu du EH Bilduk. Rakel Goñi batzarkideak «azterketa hau modu transbersalean egitea» eskatu du, «ardura duten sail guztiekin elkarlanean». Azterketaren ondorioak ezagututa, behar diren neurriak har ditzala gaineratu du EH Bilduk, «desgaitasuna duten 21 urtetik gorako pertsonek aktibitate fisikoa egin ahal izatea bermatzeko». Podemosek aldeko bozka eman du, PP abstenitu egin da eta EAJ eta PSEk kontrako botoa eman dute.