Sonia Pérez Garraioetako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Turismo Batzordean gaur egindako agerraldian, Bizkaibusek UPV/EHUren Leioako campusean duen zerbitzuaren egoeraren berri eman du, bai eta Aldundia zerbitzu hori etorkizunean indartu eta hobetu ahal izateko egiten ari den azterketa integralaren berri ere.
EH Bilduko batzarkidea den Raul Mendez, pozik agertu da urte amaieran EH Bildu eta Aldundiaren artean lortutako aurrekontu akordioarekin hainbat eskualdetan hobekuntza puntualak egin ahal izango direlako, eta, aldi berean, UPV/EHUri zerbitzua emateko proposamen integral berri bat egitea erraztuko duelako, Errepideko Garraio Publikoaren Zerbitzuaren aurreproiektuaren plegu berriak idazteari begira.
«Berri ona da aurrekontu-akordioan jasotako 8 milioi €etatik batzuk Leioako campusera bideratzea Bizkaibusen zerbitzua hobetzeko», adierazi du Méndezek.
Gainera, EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, «garrantzitsua da Arratiako ikasleen kolektiboak berriki Herritarrekiko Eskaera eta Harremanen Batzordean egindako eskaeraren aurrean arin jokatzea eta bertan egindako proposamenak aintzat hartzea, horrek Arratiako Eskualdetik EHUrako zerbitzua hobetzea ahalbidetuko baitu».
* 2024ko abenduan sinatu zenaren akordioari dagokion atala erantsi da:
GARRAIO PUBLIKOA ETA IRAUNKORRA INDARTZEAREN ALDE EGITEKO EREMUAN:
BFAk Bizkaiko garraio-zerbitzu integralaren azterketa egingo du 2025ean, eskualdeetan autobus-maiztasunak areagotzeko konpromisoarekin (Bizkaibus), garraio publikoko beste aukerarik gabe eta beste eremu batzuetako garraio publikoen arteko bikoiztasunak ezabatuz. 8,4 MILIOI.
Desgaitasun eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonei laguntzen dietenek Bizkaiko garraioan doan bidaiatu ahal izateko aho bateko akordioa
Desgaitasun eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen laguntzaileei garraio publikoaren titulua ordaintzetik salbuesteko proposamen bat onartu da batzordearen azken puntuan, BBNNetan ordezkatuta dauden talde guztien oniritziarekin.
Bi arlotan aparteko proposamena da, Raul Mendezek azaldu duenez: «Lehenik eta behin, urritasuna duen pertsona baten familiako Rosa Ibargarayk (gaur publikoaren artean) urrian Herritarrekiko Eskaera eta Harremanen Batzordean helarazi zigun proposamena jaso dugulako. Eta hortik aurrera, batzarkide-talde desberdinen arteko elkarlanari esker, proposamen bat egin ahal izan da, eta, ondoren, akordio bat, Rosak egin zigun eskaerari erantzuteko. Horri esker, milaka pertsonak lagundu ahal izango dute metroan, Bizkaibusen edo trenean desgaitasunen bat duten pertsonei, kostu gehigarririk ordaindu behar izan gabe».
Gainera, ganberan ordezkaritza duten bost taldeen arteko ekimen bateratua da, «2021eko proposamen bat berritzeko aukera emango diguna, zaharkituta geratu zena eta desgaitasun-egoeran zeuden pertsona asko kanpoan uzten zituena».