Bilbo

Misericordiako aterpea martxan ez jartzeak, Aburtoren “diskurtso soziala bertan behera uzten duela” adierazi du EH Bildu Bilbok

| 2020-01-22 15:10:00

 

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Misericordiako aterpea martxan ez dela jarriko jakinarazi du gaur. Horrek, EH Bildu Bilboren ustez, “Aburtoren diskurtso soziala bertan behera uzten du”.

Bruno Zubizarretak, EH Bildu Bilboko zinegotziak, gogoratu duenez, aurreko legealdiaren bukaeran, Misericordian aterpe bat irekitzeko inbertsio bat aurreikusi zen, baina legealdiaren bukaeran ez zen martxan jarri.

Hori dela eta, azaldu duenez, 2020ko aurrekontuak azaltzeko Juan Ibarretxek, Gizarte Ekintza Saileko zinegotziak, egindako agerraldian, horri buruz zer asmo zuten galdetu zion EH Bildu Bilbok. “Erantzuna ez zen argia izan, koste altuei eta bideragarritasun planei buruz hitz egin zuen. Horregatik, udal gobernuak proiektu hori martxan jartzeko asmorik ez zuelaren susmoa geneukan”, azaldu du.

Zubizarretak adierazi duenez, “zoritxarrez” gaur alkateak “gure susmoak baieztatu ditu eta etxegabeko pertsonentzat Misericordiako aterpea ez dutela egingo esan du, ustez, kontuek ez dutelako ematen”. “Berriro ere EAJk zerbitzu sozialak kosteekin lotzen ditu, gizartearentzako inbertsio bat  egiteari buruz hitz egiten gaudenean”, salatu du.  

Ildo horretan, esan duenez,  “atzo Aburtok agintaldi planaren aurkezpenean, bazterketaren kontra lan egiteak duen garrantzia azpimarratzen zuen bitartean, gaurko albisteak argi uzten du ez duela esandakoa betetzen eta egoera txarrenean dauden pertsonak ez direla bere lehentasuna”, gaineratu du.

Gainera, bere esanetan, “Misericordiaren aterpea ez dela egingo esaten digute, orain dela gutxi Montañoko aterpea itxi denean. Aterpe horrek 90 ohe zituen eta migranteen harrera sarearen aldarrikapenei esker sortu zen”. “Bi albiste horiek argi uzten dute gero eta baliabide gutxiago daudela”, gaineratu du.

Zubizarretak adierazi duenez, “beste ekimen batzuetarako udal gobernuak nahi beste diru gastatzen du, esate baterako, Eurocopara bi milioi euro bideratuko ditu”.  “EH Bildu Bilbotik egoera txarrenean dauden pertsonei zuzendutako baliabideak defendatzen jarraituko dugu, guretzat ezinbestekoa delako pertsonak erdigunean kokatzea”, nabarmendu du.

 

 

EH Bildu Bilbok adierazi du Aburtoren gobernuarentzat “lehentasuna ez direla Bilboko hiritarren beharrizanak, baizik eta azpiegitura handiak “

| 2020-01-21 14:58:00

Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, udal hauteskundeetatik urte erdi pasa denean, gaur agintaldi plana aurkeztu du. Plan hori, EH Bildu Bilboren ustez, “bi hauteskunde programen fusioa besterik ez da” eta horretan “lehentasuna ez dira Bilboko hiritarren beharrizanak, baizik eta azpiegitura handiak, besteak beste, aireportuaren handitzea, AHT eta Zorrozaurre”.

Aurkeztutako neurrien balorazio zehatza egiteko badute ere, Asier Gonzalezek, EH Bildu Bilboko zinegotziak, adierazi duenez, plan horren aurkezpenean, Aburtok “langileen eskubideak ez ditu aipatu eta zerbitzu sozialak azaletik  azaldu ditu, krisiak oraindik eragina duela adierazi duen arren”. “Krisi berri baten aurrean gaudela esaten duten adierazleak ere ez ditu aipatu”, gaineratu du.

“Aburtok bilbotarron bizi kalitateari garrantzia eman ordez, Zorrozaurre bezalako urigintza proiektuak nabarmendu ditu, aurreko legealdietatik datozenak eta ez dakigunak zertan geldituko diren”, adierazi du EH Bilduko zinegotziak. Ildo horretan, gogoratu duenez, Alkateak plana aurkeztu duen ordu berdinean, pentsiodunek agerraldia egin dute urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deia egiteko, eta Bilbao Kirolak-eko langileak, mobilizazio batean, lan eskubide duinak aldarrikatu dituzte. “Hori da Bilboko benetako argazkia”, nabarmendu du.

Era berean, esan duenez, “alkateak enplegu gehiago eta hobea eta kalitatezko zerbitzu publiko hobeak udal gobernuaren erronka direla esaten duenean, guk udal zerbitzu publikoetan dauden lan gatazkak konpontzea eskatzen diogu; izan ere, langileen lan eskubideetan eta zerbitzu publikoen kalitatean eragin zuzena dute”.

Bestalde, Aburtoren udal gobernuak aireportuaren handitzearen aldeko apustua egiten duenean, Gonzalezen ustez, “Txorierriko auzokideen eskubideak eta iritziak kontuan hartu behar dira”. Ildo berean, “aireportua nazioarteko ekimen handiak erakartzeko soilik handitu nahi duen” galdetu dio; “etxean prekarietatea sortzen duten eta bilbotarron bizia garestitzen duten ekimenak, hain zuzen ere”.

Horrez gain, Aburtok aipatutako proiektuetan, Deustualdean suhiltzaileen parke berri baten proiektuaren falta sumatu du EH Bildu Bilboko zinegotziak, izan ere, “langileen aldarrikapena da, Herri Babesak aitortutakoa”. Segurtasunaren alorrean, Gonzalezen esanetan, “komisaldegi berriei buruz hitz egiten digu Alkateak, baina beharrezkoa da formakuntzan inbertsioak egitea, segurtasunaren beste eredu bat indartzeko”.

Euskarari dagokionez, esan duenez, “plangintza bat eta bi edo hiru neurri aipatzen digu, baina apustu ausartagoa egin behar da Bilbo euskararen etorkizunean giltza delako”.

Azkenez, Asier Gonzalezek Bilboko alkateari gogoratu dio “gardentasunari eta parte hartzeari buruz hitz egiten duenean, horiek ez direla bermatzen soilik kontuak ematen”. EH Bildu Bilboko zinegotziaren ustez, “gizarteak eta auzoek duten proposatzeko ahalmena indartu behar da eta euren proposamenak kontuan hartu, ez soilik lau urtetik behin”. “Herritarren gaitasunaren adibide ona Abusun tranbiaren erdibideko estazioa izan da“, gaineratu du.

EH Bildu Bilbok Abandoko sonometroen datuak eskatu ditu, udal gobernuak auzotarrei ukatu ondoren

| 2020-01-16 13:07:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak Alfonso Gileri, Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziari, Abandoko sonometroen datuak eskatu dizkio, Udal Gobernuak datu horiek auzokoei ukatu ondoren. “Datu horiek emateak gardentasuna bermatuko luke, baina, horrez gain, zaraten arazoa aztertzeko ezinbesteko kontrol mekanismoa dira”, adierazi du Bruno Zubizarretak, EH Bildu Bilboko zinegotziak.

Zubizarretak gogoratu duenez, Abandon urteak daramatzate zaraten arazo “konplexuarekin, ezinezkoa baita gaueko aisialdiak eta auzokideen atsedenerako eskubideak bat egitea, eta, gaur egun, zoritxarrez, ez da irtenbiderik antzematen”. “Horrela adierazten dute Abandoko auzokideek eta behin eta berriz osasun publikoko arazo horri irtenbidea emateko neurri eraginkorrak eskatzen ari dira”, esan du.

Ildo horretan, Zubizarretaren ustez, Uribitarte Babes Akustiko Berezia duen Zona bezala izendatzeak, “mugak” ditu; izan ere, “horren kanpo gelditzen dira asteburu guztietan zaraten arazo larria pairatzen duten Abandoko hainbat zona”. Horregatik, EH Bildu Bilboko zinegotziaren esanetan, “neurri eraginkorragoak behar dira auzotarrekin eta inplikatutako agenteekin adostutakoak eta horretarako beharrezkoa da sonometroen datu errealak eskuragai izatea”.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Bilbon ‘krisi batzorde’ bat sortzea eskatu dute eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen denean erantzuna emateko

| 2019-12-19 11:38:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio bat aurkeztu dute Osoko Bilkuran eztabaidatzeko eta horretan Bilbon krisi batzorde bat sortzea eskatzen dute eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen denean erantzuna emateko.

Carmen Muñozek eta Jone Goirizelaiak, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko udal taldeetako zinegotziek, hurrenez hurren, azaldu dutenez, ‘Krisi Batzorde’ hori Bilbon eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen den bakoitzean urgentziaz batzartuko da eta horren zereginak izango dira, besteak beste, egoera baloratzeko eta erantzuna emateko biktimaren edota bere zuzeneko familiarren ardura hartzea, biktima edota bere zuzeneko familiarren beharrizanei egokitutako lanen banaketa eginez.

Batzordearen eraketari dagokionez, Berdintasun, Gizarte Ekintza, eta Segurtasun arloetako profesionalak eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak osatzea proposatzen dute. Batzorde hau sortzeaz gain, feminizidio bat edota adin txikikoren baten hilketa bat gertatuko balitz, Udalak biktima edota biktimak aitortzeko ekitaldi bat egitea adostea eskatzen dute mozioan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Muñozek eta Goirizelaiak azaldu dutenez, proposamen hau lantzerakoan, datuak kontuan hartu dituzte, “egoeraren garrantziaz jabetzeko eta oso garrantzitsua delako biktimek aholkularitza egokia izatea eta salaketaren prozesu zaila eta mingarriari  udal zerbitzu guztien eta guztion babesarekin aurre egin ahal izatea”.

Ildo horretan, adierazi dutenez, Bizkaian 2018. urtean 311 babes ordena tramitatu ziren, horietatik 23 ez ziren onartu, 173 adostu ziren eta 115 atzera bota ziren. Bilbon 126 eskatu ziren, 102 adostu eta 24 atzera bota. Behin epaiketara helduta, prozedimenduak honela bukatu ziren: Bizkaian %21,1 eta Bilbon %28,5 kondenarekin eta prozedimenduen ia %40,4 artxibatu edo behin behineko artxibatu ziren.

“Datu horien ondorioz argi gelditzen da ezinbestekoa dela aholkularitza egokia izatea, laguntza juridikoa hasieratik izatea eta, horrez gain, salatzen duten emakumeek euren oinarrizko eskubideak bermatuta izan behar dituztela (etxebizitza, osasuna, lana…)”, azpimarratu dute Muñozek eta Goirizelaiak.

Horregatik, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ustez, “beharrezkoa” da “hasieratik biolentzia matxista pairatu duten emakumeentzat zuzendutako aholkularitza eta laguntza plangintza bat izatea”. Azaldu dutenez, plan horrek “salaketa jarri aurretik, are gehiago, babes ordena eman baino lehenago, emakumeei asistentzia eskaintzea aurreikusi behar du, eta hori laguntza sistema guztira atxikitzeko titulua izango litzateke teorian”. “Plan horrek biolentzia matxista pairatu duten emakumeak hasieratik babestuta sentiaraziko lituzke eta berbiktimizazioa saihestuko luke”, nabarmendu dute.

EH Bildu Bilbok Otxandianoren agerraldia eskatu du irristaketa pistaren langileen lan baldintzei buruzko azalpenak emateko

| 2019-12-09 11:52:00

EH Bildu Bilbok Xabier Otxandianoren, Garapen Ekonomikoko zinegotziaren, agerraldia eskatu du Areatzako irristaketa pistaren langileen lan baldintzei buruzko azalpenak emateko; izan ere,  langileek orduko sei euroko soldata ez duina jasotzen dutenaren salaketa publiko larria zabaldu da sare sozialetan.

Asier Gonzalezek, EH Bildu Bilboko zinegotziak, azaldu duenez, jolas parke horren kudeaketa ProaSur enpresari esleitu dio Udalak, lehiaketa publiko bitartez. “Administrazio publikoak ProaSur enpresaren kudeaketa moldeen eta langileekiko harremanaren berri izan behar luke, hiritarren informaziorako eskubideen oinarrituta”, adierazi du.

Gonzalezek ohartarazi duenez, udal gobernuaren “ardura” eta “erantzukizuna” izan behar da “azpikontratatutako langileek lan baldintza duinak izatea”.  “Udalak kontratu horiek zelan egiten diren kontrola behar du”, gaineratu du.

ALBISTEAK

EH Bilduk azalpenak eskatu ditu BAM Magisteritza eskola eraisteko baimena berehala ematearen inguruan

2021-03-17 12:02:00

Abaunza, Narbaiza eta Gilen agerraldia eskatu du, hirigintzaren eremuaz gain, hezkuntzaren eta osasunaren esparruari eragiten dion gaia delako

EH Bilduk eskatu du Bilbok agroekologian eta elikadura-subiranotasunean oinarritutako elikadura-estrategia bat ezar dezala

2020-08-06 11:33:00

Lehen urrats gisa, Bilbo "Agroekologiaren aldeko Hirien Sarean" sar dadila eskatu du, tokiko elikadura-sistemak eraikitzeko