AKTUALITATEA


| 2024-04-25 16:22:00

"Bilbo zaintzaren eremuan punta-puntako hiri bihurtzeko urratsak emateko" neurri sorta bat aurkeztu ondoren, EH Bildu udal taldeak akordio garrantzitsuak lortu ditu apirileko udalbatzan. Hala nola, Bilboko haurreskoletan plaza gehiago jartzea, haur bakar bat ere plazarik gabe gera ez dadin; eta tokiko merkataritza "Begirada aktiboa" programan txertatzea, saltoki txikiek zaurgarritasun- eta bakardade-egoerak hautemateko orduan duten lana ikusarazteko eta sistematizatzeko.

Era berean, udal gobernuak baztertu egin ditu EH Bilduk proposatutako zaintzen dituzten pertsonak zaintzeko "Zaintzea" programa zabaltzea edo Zurbaranbarrin irisgarritasun plana aurrera eramatea. 

Haurreskolak 

Haurreskolei dagokionez, alderdi subiranistaren mozio baten ondorioz, EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko akordioa onartu da, Bilbon eskuragarri dauden plazen kopurua handitzeko Haurreskolen Partzuergoarekin lankidetzan. Akordio horren helburua hezkuntza goiztiar unibertsalaren, kalitatezkoaren, doakoaren eta euskaldunaren eskaintza publikoa bermatzea da, dauden eskaera guztiei eskaintza bermatu ahal izateko eta  hirian aurkeztutako eskaeren matrikulazio eraginkorra bermatzeko. 

Nerea Undabarrena EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, gaur egun ez dago plaza nahikorik Bilbon dauden eskaria guztiei erantzuteko. Izan ere, esan duenez, 100 familia baino gehiago tokirik gabe geratu ziren iaz, eta aurten egoerak ez du hobera egin. 

Martxoko datuak kontuan hartuta, ez dago plaza librerik Basurtu, Cervantes, Deustu, Elejabarri, Indautxu Iruarteta, Larreagaburu, Matiko, Miribilla, Otxarkoaga, San Frantzisko, San Inazio eta Sanchez Markoseko haurreskoletan. "Argi dago arazoa orokorra dela Bilboko auzo guztietan", nabarmendu du. 

"Udalak urte honetan 200 plaza berri sortzeko konpromisoa hartu zuen arren, apirilean gaude eta 752 plaza ditugu oraindik, iazko berdinak", adierazi du Undabarrenak. Horregatik, uste du gaur lortutako akordioa "beharrezkoa" dela "kontziliazioa sustatzeko eta aurrean ditugun erronka demografikoei aurre egiteko". 

“Begirada aktiboa” 

Bestalde, EH Bilduren ekimenez, "Begirada Aktiboa" proiektuaren antena sarea zabaltzea ere onartu da, programan horrela nahi duten auzoetako denda berriak gehituz. Horren ildotik, Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du gertuko merkataritzak "garrantzi handia" duela jarduera ekonomiko eta zerbitzu-emaile gisa, baina baita auzokideen arteko harremanetarako eta auzoetako gizarte-kohesiorako tresna gisa ere. 

Pereak azaldu duenez, "merkatarien eta bezeroen arteko etengabeko harremanak, konfiantzan eta tratu pertsonalizatuan oinarritzen den harreman bat sortzea ahalbidetzen du, eta horrela, komertzioak antena sozial gisa jokatzen du eta bakardadearen eta zaurgarritasun seinaleak jasotzen ditu". "Izkinako dendatik tokiko merkatura, espazio horiek konexio- eta laguntza-zentro bihurtzen dira", gaineratu du.

"Gaur lortutako akordioari esker, merkatariek jokatzen duten paper hori ikusaraztea eta modu sistematizatuan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin lotzea lortzen da, haien eraginkortasuna biderkatuz, merkatariek beraiek adierazi diguten bezala", nabarmendu du. 

“Zaintzea” 

Senide zaintzaileei laguntzeko "Zaintzea" udal-zentroari dagokionez, María del Rio bozeramaileak azaldu du bere proposamenak bi ardatz zituela: alde batetik, zerbitzua deszentralizatzea, herritar guztientzat eskuragarriagoa bilakatuz, eta auzoetara hurbilduz; eta, bestetik, erabiltzaileen profila handitzea, zaintzen dituzten senideez gain, zaintzen sektorean besteren kontura lan egiten duten pertsonak artatzeko, gehienak emakume migratzaileak.

Hala ere, deitoratu du Udal Gobernuak uko egin diola proposamen horri, zerbitzuen kartara mugatuz, eta "legeak eskatzen duen gutxienekoa egitea nahikoa al da?" galdetu du. Erantzuna, Maria del Rioren ustez, argia da: "Bilbok, segur aski Euskal Herri osoan gizarte-ekintzan aurrekonturik handiena duen hiriak, haratago joan beharko luke eta herritarren beharrei erantzun beharko lieke, baina EAJ/PSEk ez du borondate politikorik". 

“Irisgarritasuna” 

"Era berean, ez dute borondate politikorik behingoz Irisgarritasun Plan bat gauzatzeko, legeak behartzen duen bezala, eta inprobisatzera mugatzen dira, beren politika Bilboko auzo askok duten arazoari konponbide integrala ematen ez dioten adabakietan oinarrituz", adierazi du Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak, Udal Gobernuak irisgarritasun-planak aurrera eramateko mozioa atzera bota ondoren, Zurbaranbarri auzotik hasita, non herritarrek denbora daramaten helburu horrekin mobilizatzen. 

"Bilbon, lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago ditu, eta joan den mendearen erdialdean auzo asko presaka eraiki ziren, aldapaz eta eskaileraz beteta. Hori jakinda ere, EAJk eta PSEk ez diote erantzunik eman Zurbaranekin eta hiriko beste auzo batzuekin duten zor historikoari, pertsona askok bizi-baldintza duinak izatea eragotziz", adierazi du.