Maria del Rio eta Angelica Orozco EH Bilduko bozeramaileak eta zinegotziak gaur iragarri dutenez, udal taldeak Azkuna zentroari buruzko mozioa aurkeztu du urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, bere erabakia atzera botatzeko eta Azkuna Zentroaren pribatizazio prozesua eteteko eskatu diote Udal Gobernuari; sektore kultural eta artistikoaren eskutik, Bilborentzat eta bere bizilagunentzat punta-puntako kultur politika koherenteak adosteko helburuarekin.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, Maria del Rio bozeramaileak "kezka" azaldu du Alhondiga, Azkuna Zentroaren egoerari buruz eta bertan garatzen diren kultur ekimenen etorkizunari buruz; izan ere, "Udal Gobernuak espazioaren zati bat pribatizatu nahi du, zehazki, Programa Proiektura bideratutakoa, non orain arte arte eszenikoarekin, dantzekin eta abarrekin lotutako egoitzak egiten ziren".
"Udal Gobernuak ustekabeko aldaketa bat egitea erabaki du eta espazio hori La Caixa fundazioari lagatzea, proiektu artistiko eta kultural arrakastatsu bat zalantzan jarriz eta hiriko politika kulturalen esparruan inprobisazio kezkagarria erakutsiz", adierazi du. Ildo horretan, Angelica Orozcok ohartarazi du, fundazio pribatu bati lagapena egiterakoan, "erabat galduko dela espazio horri buruzko erabakiak hartzeko eta harek eskaintzen dituen aukeretaz baliatzeko gaitasuna".
"Espazio kultural publiko bat galdu eta esku pribatuetan uzten da. Beste behin, Bilbon 'Ayuso eredua' ezartzen da; politika kultural eta artistikoen kaltetan", nabarmendu du Orozcok. "Pribatizazioaren xehetasunak are kezkagarriagoak" direla gaineratu du.
13.000 euro hilean, diru publikoarekin
Ildo horretan, azaldu duenez, "1.500 metro koadro kultur espazio galtzen dira La Caixa Fundazioaren esku uzteko, eta, gainera, ez du espazio hori ustiatzeagatik ordainduko"; izan ere, aurreikusten da "Bizkaiko Foru Aldundiak berak, diru publikoarekin, 13.000 euro ordainduko ditu hilean, 166.000 euro urtean, fundazio pribatu batek espazio publiko bat erabiltzeagatik".
EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du "publikoa eta nabarmena" dela Bilboko gizartearen sektore zabaletan erabaki horrek sortutako "ezinegona", batez ere "artearen eta kulturaren arloan; prentsaren bidez ezagutu ditugun dimisioak, gardentasun eta informazio falta gainerako udal taldeei, ustekabeko birak eta inprobisazioa Bilboko kultur espazioen kudeaketan, sinadura bilketak, kultur proiektuen jarraipena zalantzan jartzea..."
Bere ustez, Udal Gobernuaren kudeaketa "onartezina" da "puntako politika publiko egonkor eta koherenteak garatu" nahi badira, eta hala adierazi diote EH Bilduri kultura- eta arte-sektoreko hainbat eragilek eta profesionalek.
Testuinguru horretan, Maria del Riok iragarri du, "Udal Gobernuak berak sortu duen ezohiko egoerari irtenbidea bilatzeko", EH Bilduk mozio bat aurkeztu duela, "espazio horren kudeaketa publikoa mantentzeko eta bertan egiten diren proiektu kultural eta artistikoak bermatzeko".
EH Bilduk Azkuna Zentroaren espazioak bultzada bat behar duela uste duen arren, Del Rioren esanetan, "Alhondiga zatika pribatizatzea ez da inondik inora irtenbidea, kirolerako espazioarekin frogatu den bezala, orain dela gutxi Bilbao Kirolakek kudeatzen duen igerilekuekin, alegia".
Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuari bere erabakia atzera bota dezan eskatu dio eta Bilborentzat eta bere auzokideentzat punta-puntako kultur politika koherenteak adostu ditzan, eta hori kultura- eta arte-sektorearen eskutik.