AKTUALITATEA


| 2025-01-14 16:33:00

Karlos Renedo Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak ohartarazi du Udal Gobernuak gutxieneko parte-hartzerik bermatu gabe planteatutako HAPOren aldaketak "plaza turistikoen arazoa konpondu beharrean, Bilboko beste auzo batzuetara eramango duela"; izan ere, "hiriko zonalde batzuk arautzera mugatzen da, eta gainerakoetan ez du inolako neurririk hartzen". 

Horren ondorioz, azaldu duenez, "turismo-ostatuak gainerako auzoetan hedatuko dira, batez ere mugakideetan; arazoa, konpondu beharrean, araututa ez dauden  auzoetara zabalduz". Hori, bere ustez, "onartezina" da, kontuan hartuta, gainera, Bilbon 17.939 turismo-plaza daudela legez erregistratuta, askotariko modalitateekin: erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak, hotelak, pentsioak, aterpetxeak, ostalariak... 

"Azken sei urteetan, etxebizitza eta gela turistikoek % 757 egin dute gora, 2024an 5.201 plazara helduz, soilik azken bi urteetan ia bikoiztu egin dira. Datu horiek gainera ez dute kontuan hartzen legea betetzen ez duten ostatuak", azaldu du. Kopuru  horiek, Renedoren ustez, "agerian uzten dute egoerari aurre egiteko neurri eraginkorrak martxan jartzeko beharra, besteak beste, moratoria bat, baina ez bakarrik etxebizitza eta logela turistikoentzat egun dagoen bezala, baizik eta ostatu turistiko guztientzat". 

Hala ere, esan duenez, EAj-PSEk "azterketa serio bat eta hausnarketa partekatu bat egin gabe eta aurretizko parte-hartzea bermatu gabe, hainbat auzoei soilik eragiten dien HAPOaren aldaketa proposatu du". "Horrek epe ertain eta luzera  HAPOren aldaketak eragiten ez dien auzoetan ostatu turistikoen gainokupazioa ekarriko du", gaineratu du. 

Gainera, Renedok adierazi duenez, Udal Gobernuaren proposamenak ez du betetzen iraileko osoko bilkuran hartutako erabakia, non, EH Bilduren ekimen baten ondorioz, HAPOren aldaketa izapidetzea onartu zen, "hiri osoko ostatu turistiko guztiak arautzeko xedearekin". 

"Erregulazioaren helburua hiriko turismo-plazak hiri-eredu jasangarri batekin bateragarri izatea izan beharko litzateke, oinarrizko eskubideak, etxebizitzarako eskubidea eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza bermatze aldera", aipatu du. Aldiz, bere esanetan, "hori ez da lortzen Udal Gobernuaren planteamenduarekin, gai horiei guztiei aurre egiteko aukera galduz ", nabarmendu du. "Orain hiri osorako irtenbiderik ematen ez badugu, etorkizun hurbilean egin beharko dugu, plaza turistikoek gora egingo baitute", ohartarazi du.