AKTUALITATEA


| 2026-10-23 11:09:00

EH Bilduko udal taldeak 'Bilbo hiri basoa' izeneko Plan Berezia diseinatzea eskatu du, hiriaren eraldaketa berdea gauzatzeko. Plan horren diseinua talde politikoek, elkarteek eta gaian adituak diren pertsonek egingo lukete, eta Proiektu Estrategikoen Bulegoaren mende egongo litzateke. Talde soberanistak mozioa aurkeztu du urriko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko.

Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak gaur azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztutako "Klimaren Egoera Euskadin" txostenaren arabera, bero boladen egunak bikoiztu egin dira, 1970-2000 aldian 4 egun izatetik 2014-2023 aldian ia 9 egun izatera igaro baitira, eta gora egiten ari dira.

Tenperaturak gora egin duela eta muturreko beroaldiak maizago gertatzen direla egiaztatu ondoren, Udal Gobernuak "ez duela egoera hau kontuan hartzen edo, behintzat, ez dituela beharrezkoak diren neurriak hartzen" adierazi du Pereak. Adibide bezala jarri du kaleak berritzen direnean, "berriz ere zementua nagusitzen dela", hala nola, Ibarrekolanda kalean eta Museoaren plazan. "Eta asko dira itzalik gabeko gure hiriko plaza, kale eta etorbideak", gaineratu du.

"Txipa aldatu behar da"

Horrela, datorkigun errealitateari aurre egiteko "txipa, estrategia" aldatzeko beharra aldarrikatu du Pereak. Eta horixe da, bere esanetan,  "Bilbao hiri basoa" izeneko plan bereziarekin planteatzen dutena, izan ere,  "helburua da hiri-ingurunea naturaren bidez eraldatzea, eta klima-aldaketari aurre egiteko funtsezko azpiegitura gisa integratzea".

Horretarako, azaldu duenez, beharrezkoa da hiriko korridore berde eta urdinak identifikatzea, sortzea, dinamizatzea eta lotzea, "ez proiektu isolatu gisa, baizik eta hiri-plangintzako estrategia gisa". "Bilbo birnaturalizatu. Eraztun berdea hiriaren erdialderaino zabaldu", nabarmendu du. Zehaztu duenez, "hori ezin da eremu isolatu batera mugatu, ez eta parke edo lorategi batera edo obra jakin batean zuhaitzak jartzera". "Bilboren eraldaketa berdea lortzea Proiektu estrategikoen bulegoaren zeregina izan behar da, zeharkako ikuspegiarekin", azpimarratu du.

Pereak esan duenez, hiri asko dira jada norabide horretan urratsak ematen ari direnak, horien artean, Iruña, "hiri basoan oinarritutako hiri eredu berri bat lantzen ari baita, egungo hiria birnaturalizatu eta bertako ibaiak ekologikoki berreskuratu nahi dituena, alegia".

"Zuhaitzak, parkeak, edo korridore berde eta urdinak ez dira soilik hiriaren elementu apaingarri gisa ulertu behar; aitzitik, benetako hiri-azpiegiturak dira, ingurumen-onurak sortzeko, airearen kalitatea hobetzeko, bero-uhartearen efektua murrizteko, biodibertsitatea bultzatzeko eta, batez ere, pertsonen osasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko gai direnak", azaldu du. "Bilbao Hiri basoa" plan bereziak, bere ustez, ikuspegi integral horretan aurrera egiteko balio behar du, hain zuzen ere.

Bilbon, 2026ko urriaren 23an