AKTUALITATEA


| 2026-10-16 12:36:00

EH Bildu taldeak udal eraikinak garbitzeko esleipena duen enpresarekin "bitartekari lana" egiteko eskatu dio Udal Gobernuari, hilabeteak greban dauden garbiketako langileen eskaerei premiazko erantzuna emateko helburuarekin, izan ere, lan baldintza duinak aldarrikatzen ari dira.

"Beste behin ere, EAJk eta PSEk, gaiari heldu eta enpresa esleipendunarekin bildu beharrean, beste aldera begiratzen dute", adierazi du Maria Del Riok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak. Horrek, bere esanetan,  "gatazka luzatzen du eta eragin handia dauka langileengan, gehienak emakumeak, baita zerbitzuaren kalitatean ere".

Ildo horretan, gogorarazi du ikastetxe, haurreskola edo udaltegi asko direla, besteak beste, grebaren ondorioz garbiketa-arazoak izaten ari direnak, eta "beraz, ahalik eta azkarren irtenbideak eskaini behar dira", azpimarratu du.

"Zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzea Udalaren erantzunkizuna da", nabarmendu du Del Riok. Ildo berean, gaineratu duenez, "beharrezkoa da kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea eta garbiketako langileek jasaten duten soldata-arrakalarekin amaitzea".