Bilboko Udalak, EH Bilduk eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatuko die, bere eskumenen esparruan, azter dezatela aireporturako garraio publikoaren zerbitzua indartzearen bideragarritasuna. Gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko zuzenketa bat onartu ostean lortu dute akordioa, alderdi soberanistak egindako proposamen baten ondorioz.
Karlos Renedo EH Bilduko zinegotzia pozik agertu da akordioarekin; izan ere, bere ustez, Udal Gobernuak Loiuko aireporturako garraio publikoaren konexioa dibertsifikatzeko beharra onartu du, "gaur egun, oso eskasa baita, bizkaitar eta bilbotar asko ibilgailu pribatuan ibiltzera behartuz".
Horren harira, gogorarazi duenez, “aski ezagunak dira Bilbo eta aireportua lotzen dituen Bizkaibuseko A3247 linean sortzen diren arazoak, ohikoak baitira bidaiarien pilaketak”. “Geltoki jakin batzuetan, aforoa bete denez, bidaiariak ezin dira autobusera igo, geltokian bertan gelditu behar dira, horrek suposatzen duenarekin”, gaineratu du. Horregatik, Loiuko aireportura garraio publikoan iristeko modua dibertsifikatzea proposatu du EH Bilduk, gaur egun dagoena osatuz.
Horrela, bere mozioaren bidez, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, Euskal Trenbide Sarearen arduraduna den aldetik, Txorierriko EuskoTrenen 3. Lineako geltoki batetik Loiuko aireportura lanzadera bus-zerbitzua emateko bideragarritasun azterlana egin dezala, udalen parte-hartzearekin. Azterlana bideragarria bada, zerbitzu hori legegintzaldi hau amaitu baino lehen, hau da, 2028a baino lehen, martxan jartzea proposatu du alderdi soberanistak.
Renedok EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean ekimen berdina legez besteko proposamen baten bidez aurkeztu duela esan du. Hortaz, gaur Bilboko Udalean lortutako akordioak “Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako gure proposamena onartzeko balio izatea espero duela” gaineratu du.
EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez Euskotrenen 3. linea Loiuko aireportutik oso gertu dago; are gehiago, geralekuren batetik, errepidetik joanda, bost minutu besterik ez daude.
Bere esanetan, autobus-anezka batek “erraz konekta ditzake trenaren geltokia eta aireportua, eta milaka bizkaitarrentzako zuzeneko konexioa zabaldu”; izan ere, linea horrek, Bilboko auzo askori zerbitzua emateaz gain, Bizkaiko hiriburuaren ekialdeko hainbat eskualdetan (Busturialdean edo Durangaldean, esaterako) garraio publikoaren bidez sarbidea erraztuko luke”. “Azken batean, E3 eta E4 lineak aireportuarekin zuzenean lotuko lituzke”, esan du.
Bilboren kasuan, adierazi duenez, Matiko, Uribarri, Alde Zaharra, Zurbaranbarri, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoetako milaka bizilagunek "zuzeneko lotura izango lukete aireportuarekin, Termibuseraino joan beharrik izan gabe Bizkaibusa hartzeko".
"EH Bilduren proposamena alternatiba bideragarria eta praktikoa da, eta mugikortasun jasangarriari laguntzen dio, Loiuko aireporturako garraio publikoa indartzen duen heinean", nabarmendu du.