AKTUALITATEA


| 2023-06-28 13:33:00

Maria del Rio EH Bilduko udal taldearen bozeramailearen esanetan, datorren larunbatean, uztailaren 1ean, Bilbon hasiko den Tourra “erakusleiho” bat da, “gure nortasuna, kultura eta hizkuntza mundu osoan erakusteko”. Hala ere, zehaztu du “ezin dugula ahaztu ekitaldi handiek dakartzaten ondorioak, hala nola, etxebizitzaren garestitzea, lan-eskubideen murrizketa edota mugikortasunean eta bizikidetzan duten eragina”.

Zehazki, hain garrantzitsua den ekitaldi hau modu arrakastatsuan egin dadin eta arlo guztietan onurak sor ditzan, Maria del Riok gogorarazi du EH Bilduk martxoko Osoko Bilkuran mozio bat aurkeztu zuela. Ekimen horren bidez,  Bilboko Udalak onartu zuen erakundeek, beren eskumenen esparruan, turismo-ostatuaren eskaintza gehiago kontrolatzeko protokoloak hobetzea; enpleguaren kalitatea bermatzea kontratazio publikoen pleguen bidez; komunikazio guztia berdintasun- eta aniztasunarekiko errespetu-parametroen arabera garatzea; eta euskal kultura eta nortasuna balioan jartzea.

“Tamaina horretako ekitaldietan neurriak hartu behar dira etxebizitzen prezioen neurrigabeko igoera saihesteko, sortzen dituen enpleguak baldintza duinetan izango direla bermatzeko, sexismoa ez sustatzeko, eta Euskal Herria nazio bat dela erakusteko”, nabarmendu du.

Era berean, Tourrak, logikoa den bezala, gure hirian gertatzen diren aldarrikapenak ere agerian utziko dituela uste du, hala nola Bizkaiko ostalaritzaren greba, sektorearentzat lan-baldintza hobeak aldarrikatzen dituena, edo Bilboko suhiltzaileen greba, “udal gobernu honen kudeaketa txarraren aurrean”.

Azkenik, Tourrera “ikurrinekin ateratzeko deia” egin die herritarrei, “Europan eta munduan nor garen erakusteko, nazio bat garela islatzeko, Bilbo Euskal Herriko hiri bat dela adierazteko, gure hizkuntza erabiltzeko eta gure kultura eta historia erakusteko”.