Merkatu txinatar bezala ezagutzen den Otxarkoagako C merkataritza-gunerako Aktibazio Plan bat (2025-2027) abian jartzeko akordioa lortu du gaur EH Bilduk, egoera txarrean dagoelako. Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, planak aurrekontu propioa izango du datozen bi urteetan, eta honako helburu hauek izango ditu: alde batetik, merkatua hiru fasetan birgaitzea (instalazio elektrikoa berritzea, irisgarritasuna hobetzea eta kanpoko akaberak konpontzea); bestetik, tokiko merkataritzari laguntzea eta dauden negozioen jarraipena bermatzea; eta, azkenik, udal jabetzako lonja hutsak aktibatzea, merkataritza erabilerari lehentasuna emanez.
Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz. Renedok nabarmendu duenez, akordio "garrantzitsua" da auzoarentzat, kontuan hartuta, Otxarkoagako azokarekin batera, merkatu txinatar bezala ezagutzen dena, "auzoaren merkataritza-bihotza dela, eta, udal jabetzakoa izan arren, egun nahiko hondatuta dagoela, Gobernuaren mantentze- eta inbertsio-faltagatik".
EH Bilduko zinegotziak hiriko merkataritzak bizi duen egoera txarra aipatu du; izan ere, Bilbao Ekintzaren datuen arabera, azken bost urteetan 1.000 saltokik jaitsi dute pertsiana. "Batez beste, saltokien %15a galdu dugu azken bost urteetan", gaineratu du. Joera orokorra dela onartu arren, Bilboko datuak Euskal Herriko gainerako hiriburuak baino okerragoak direla zehaztu du.
Testuinguru horretan, Renedok adierazi du Otxarkoaga ez dela salbuespena. "10.000 bizilaguneko auzoa izanik, tokiko merkataritzak nekez jarraitzen du: dagoeneko arrandegi bakarra geratzen da, eta azken banku-sukurtsala bizilagunen mobilizazioari esker mantendu da", adierazi du.
Merkatu txinatar bezala ezagutzen denak, Udalaren jabetzakoa gehiena, auzoko eskaintza komertzial gehiena biltzen du, baina gero eta gehiago dira hutsik dauden postu eta lonjak, izan ere, merkataritza-gune horretan dauden 25 lokal ingurutatik, gaur egun 10 negoziok bakarrik jarraitzen dute funtzionatzen. "Mantentze-lan eskasaren eta inbertsio publiko faltaren ondorioz, eraikina nabarmen hondatzen ari da, eta inguruko bizimoduari eta zerbitzuei eragiten die", ohartarazi du.
Ildo horretan, “jabeek kargua uzten dutenean edo erretiroa hartzen dutenean, funtzionamenduan dauden negozioekin jarraitzeko oztopoak eta arazoak ohikoak” direla adierazi du. “Gainera, udal-jabetzako alokatutako lonja batzuk ez dira merkataritza-funtzioa betetzen ari, eta beste batzuk ez daude errentan hartzeko moduan”, gaineratu du.
Horregatik guztiagatik, Renedok "albiste ontzat" jo du Otxarkoagako merkatu txinatarra aktibatzeko plan hau onartzea eta abian jartzea, bai tokiko merkataritzarentzat, bai auzoarentzat eta auzokoentzat. "Beharrezkoa da gure merkataritza hiltzen ez uzteko pausoak ematea, auzoetako bizitzarako funtsezkoa baita, eta lortutako akordioa norabide horretan doa", azpimarratu du.