EH Bilduko udal taldeak Atxuri kaleko espaloia handitzea eta trafikoa murriztea eskatu du, gune horretako irisgarritasuna behingoz bermatzeko. Eskaera hori egiteko martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu dute, Karlos Renedok eta Nerea Undabarrenak EH Bilduko zinegotziek gaur eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Undabarrenak gogorarazi duenez, Atxuriko eskolako atearen (Atxuri 2) eta Emakumeen etxea (Atxuri 45) jarriko duten Kañu pasealekuaren artean 500 metro inguru daude eta "ia ezinezkoa da horiek zeharkatzea errepidera jaitsi gabe. Are zailagoa gurpildun aulkian doazen edo haurren aulkia daramaten pertsonentzat, besteak beste".
"Atxuri kaleak ez du ibiltzeko espazio minimoa bermatzen. Arazo hau 5.600 atxuritar baino gehiagok aspalditik pairatzen dute", adierazi du Undabarrenak. Horrela, horri irtenbidea emateko garaia dela azpimarratu du.
Horren ildotik, EH Bilduren proposamena onartuz gero, "Eusko Legebiltzarrak Irisgarritasuna Sustatzeko onartutako abenduaren 4ko 20/1997 Legea betetzea ere ekarriko lukeela", adierazi du EH Bilduko zinegotziak, izan ere, "gaur egun, argi dago Atxurin ez dela betetzen".
Egoera horretan, Renedok adierazi duenez, "premiazkoa da Atxuri kaleko espaloia handitzeko azterlan bat egitea, eta, ondorioz, Miraflores etorbidetik Zabalbideko bidegurutzeraino eta San Anton zubiraino dagoen trafikoa aztertu behar da, Baso bidea eta Ibeni kaia kontuan hartuta".
Renedok azaldu duenez, bere proposamenarekin, EH Bilduk, trafikoa murrizteaz gain, Garcia Rivero ikastetxerako eskola-bide seguru bat bermatzea bilatzen du, bere hezkuntza-komunitatea aspalditik ari baita konponbideak eskatzen.
EHUren ikerketa baten arabera, eskolako aurreko patioan 2-12 urteko ikasleek OMEren gomendioak gainditzen dituzten zarata- eta kutsadura-mailak jasaten dituzte. "Gainera, gaur egun Atxuriko Eskolarako bidean 400 haurren segurtasun falta agerikoa da eta ahalik eta lasterren saihestu behar dugu", gaineratu du.
Bestalde, bere mozioaren bidez, alderdi subiranistak Emakumeen Etxea irisgarria izatea nahi du. "Ekipamendu berri horrek erabilgarria izan behar du emakume guztientzat, irisgarritasuna ezin da arazo izan emakumeak espazio horretara sar ez daitezen, baina gaur egun hala da", ohartarazi du.
Azkenik, Renedok adierazi du proposamen honen helburu nagusia dela "auzo irisgarri bat bermatzea bertako 5.647 bizilagunentzat, eta, zehazki, Atxuri kaleko 45 atarientzat, horrek auzoaren ongizatea eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuko baititu".
"Ez dago aitzakiarik gure proposamena ez onartzeko. Atxuriko bizilagunekin dagoen zor bat da, denbora asko daramatelako zaratak, kutsadura eta segurtasun falta jasaten", azpimarratu du EH Bilduko zinegotziak.
Renedok aitortu duenez, jakin badakigu sarbide nagusia dela, baina "Sabino Arana ere hala zen, aldatu egin da eta ez da arazorik izan". "Egin daiteke. Borondate politikoa behar da. Atxuri kaleko irisgarritasunaren arazoa konponduz, auzo honi behar duen protagonismoa emango dion aukera-espazio bat sortuko baita ", amaitu du.