AKTUALITATEA


| 2023-05-21 14:03:00

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak gaur adierazi duenez, “batzuek diskurtsoetan soilik aniztasunaz hitz egiten duten bitartean, EH Bilduk aniztasuna praktika politiko bihurtzen du”. Maria del Riok EH Bilduk Bilbon Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunean egindako ekitaldian egin ditu adierazpenok, Angelica Orozco EH Bilduko hautagaiarekin batera.

Bertan nabarmendu duenez, “herri honetako ezker soberanista eta independentistarentzat, EH Bildu osatzen dugunontzat, garrantzitsua ez da bakoitza nondik datorren, baizik eta norantz goazen elkarrekin”. Ildo horretan, aitortu du “harro” dagoela “pertsona guztien eskubide sozial eta politiko guztiak defendatzen dituen proiektu baten buru izateaz, eta azentu desberdinekin egiteaz”.

Del Riok gogorarazi du EH Bilduren hautagaitzan, “nire aitona-amonak bezala, duela hamarkada asko Bilbora iritsi ziren” jendea dagoela, “eurentzat eta ondorengoentzat etorkizun hobea bilatzen; eremu pobretuetatik ihes egiten zuten, eta Bilbo euren etxea egin zuten, beren jatorriari eta nortasunari uko egin gabe; inork ez zien halakorik eskatu: beste bat gehiago batu zuten, euskalduna, hain zuzen ere”. Izan ere, nabarmendu duenez, “aniztasunaren alde ona batu eta biderkatu egiten duela da, inoiz ez du kentzen, Bilbon bizi, lan egin eta zaintzen duten pertsona guztiak Bilbokoak direlako”.

Horrela, esan duenez, “batzuek diskurtsoetan soilik aniztasunaz hitz egiten duten bitartean, EH Bilduk aniztasuna praktika politiko bihurtzen du” eta hori da “gauden tokian egoteko harro egoteko beste arrazoi bat, eta elkarrekin bidea egiteko”.

Bere ustez, “ezin zen bestela izan”; izan ere, EH Bilduk erakundeetan aurkezten dituen proiektuek “bere oinarrien isla izan behar dira,  Euskal Herria Bilduko militanteak auzoetan daudelako egunero, arrazakeriaren, antigitanismoaren eta faxismoaren aurka lanean eta borrokan”. “EH Bilduko militanteak lehen lerroan egon dira erakundeen utzikeriaren aurrean, eta Bilboko gizarte-mugimenduak izan dira harrera-sareak eratu dituztenak, gerrek eta pobretzeak beren jatorritik jende gehiago kanporatu dutenean”, adierazi du.