AKTUALITATEA


| 2022-03-25 12:11:00

EH Bilduren udal taldeak, martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Bilboko Udalari eskatu dio transexualen errealitateari buruzko jardunaldiak antola ditzala, euren bizipenak arlo ezberdinetatik jorratzeko, hala nola hezkuntza, lan arloa, esperientzia pertsonala, kultura, arlo juridikoa eta osasun-arloa. Jardunaldi horiek urtero antola daitezke, eta LGTBI elkarteekin lankidetzan egingo lirateke. EH Bilduk proposatu du jardunaldi horiekin batera transexualen ikusgarritasunaren aldeko kanpaina bat egitea.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, adierazi duenez, antzeko jardunaldiak arrakastaz egiten dira beste hiri batzuetan ere, hala nola Iruñean; izan ere, Udalak duela urte batzuetatik bultzatzen du "Octubre Trans" izeneko programa. Horren bidez, errealitate transexuala jorratzen da mahai-inguruen, antzezlanen, ipuin-kontaketen eta transexualei ahotsa ematen dieten beste jarduera batzuen bidez.

Zubizarretak azaldu duenez, 2009. urteaz geroztik, martxoaren 31n, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, mundu osoan transexualekiko diskriminazioaren aurka sentsibilizatzeko. Esan duenez, gaur egun, transexualen inguruko aurreiritzi eta topikoek jarraitzen dute, eta, tamalez, ibilbide luzea geratzen da haien eskubideak erabat aitortzeko.

Ildo horretan, gogora ekarri du otsailaren 22an transexualen kolektiboaren banderaren koloreak zituen plaka eta banku bat inauguratu zirela Bilbon. Haren ustez, ekintza sinboliko hori beharrezkoa da, baina udal mailan beste ekimen batzuk antolatu behar dira, Bilbok zalantzarik gabeko babesa eman diezaien hiriko transexualei.

“Hori dela eta, espero dugu gure ekimenak gobernu-taldearen oniritzia izatea, guztion artean gure hiriko transexualak ikusarazteko eta laguntzeko neurriak abian jartzeko”, nabarmendu du Zubizarretak.