AKTUALITATEA


| 2026-05-19 11:25:00

Maria del Riok eta Karlos Renedok, EH Bildu udal taldearen bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren, Bilboko errealitatera egokitutako tasa turistikoa defendatu dute, “progresiboa eta soziala" eta "izaera finalista" duena.

Del Riok eta Renedok gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan egin dituzte adierazpen horiek. Bilbon turismoaren “kontrolik gabeko hazkundea errealitate bat dela” adierazi du EH Bildu udal taldearen bozeramaileak. Izan ere, gogorarazi duenez, turismo-gaualdiek gora egin dute etengabe, 2025ean 2,7 milioiko errekorra izan zuten, aurreko urtean baino % 10,5 gehiago.

Hiriak 12.554 ostatu-plazako eskaintza duela gaineratu du, % 83 hoteletan eta beste %17a apartamentuetan. Horiei etxebizitza turistikoek eskaintzen dituzten beste 5.341 plaza gehitu behar zaizkie, "azken bost urteetan biderkatu direnak”. “Horien kasuan Udalak ez ditu okupazioari buruzko daturik, ostatu eredu nahiko opakua delako”, esan du.

Del Rioren esanetan, Bilbok biltzen du Bizkaiko hotel eta apartamentuetan ostatu hartzen duen turismoaren %70, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ostatu hartzen duenaren %33,5.

“Agindua argia da, neurrigabeko hazkunde horri mugak jartzeko garaia da, etxebizitzak, eraikinak, auzoak eta hiria bera irensten dituen turismoa gobernatzeko garaia, alegia. Gainera, lanpostu prekarioak, ezegonkortasun handikoak, soldata baxuak dituztenak eta lanaldi irregularrak sortzen ditu”, azpimarratu du. Horretarako, esan duenez, “tresna argi bat tasa turistikoa da”, EH Bilduk “aspalditik” aldarrikatu duena, behingoz, aplikatuko dezakeguna”.

Konpentsazio- eta jasangarritasun-mekanismoa

Horren harira, Renedok tasa turistikoa defendatu du, “konpentsazio eta jasangarritasun mekanismo gisa jardun dezan”. Horretarako, bere ustez, tasa horrek “tokikoa izan behar du, Bilboko errealitatera egokitua; progresiboa eta doitua, ostatu establezimenduen ezaugarrietara egokitua, eta izaera finalista argia izan behar du”.

Tasa progresiboa eta soziala defendatzean, Bilboren kasuan, luxuzko hotelak eta etxebizitza turistikoak bereziki grabatzea proposatzen dutela adierazi du Renedok.

Luxuzko hotelen kasuan, maiatza honetan gaueko batez besteko prezioa 238 eurokoa dela zehaztu ondoren, ikerketek luxuzko turismoak hirian prezioak garestitzea eta hiria elitizatzea dakarrela baieztatzen dutela adierazi du. Beraz, baimendutako maximoetara jotzea defendatu du, tasa turistikoa aplikatzean.

Etxebizitza eta gela turistikoen kasuan ere maximoetara joatea proposatu du EH Bilduk, baina beste arrazoi batzuengatik: “etxebizitzaren prezioen garestitzean eragin zuzena duelako; iraupen luzeko alokairuko etxebizitzari eragiten diolako, milaka etxebizitza merkatu horretatik ateratzean; eta enpleguari ekarpen txikia egiten diolako”. Gainerako modalitateetan, tasak, Renedoren arabera, “ostatuaren batez besteko kostuarekin bat etorri behar dira”.

Era berean, Renedok "beharrezkotzat" jo du kontrol neurriak ezartzea, batez ere pisu turistikoetan, "tasak behar bezala kobratzen direla bermatzeko, gaur egun ez baitago inolako kontrolik". Horrez gain, ezinbestekoa da, haren esanetan, "tasa turistikoak sektorean duen eraginari buruzko txostena egitea ere".

Izaera finalista

Tasaren izaera finalistari dagokionez, “gure hirian turismoak duen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari aurre egiteko” balio izatea defendatu du. Hala, hainbat proposamen egin ditu.

Lehenik eta behin, "pisu turistikoetatik datozen diru-sarrerak, gutxienez, etxebizitza-politiketara bideratzea" planteatu du. Esan duenez, “datu ofizialik ez dagoen arren sektore honen kontrolik eza dela eta, urtero 500.000 pertsonak baino gehiagok Bilbon eskaintzen diren legezko 5.341 plazetan ostatu hartzen dutela kalkulatzen da, bataz beste %40ko okupazioarekin”. "Horri esker, hiru milioi euro baino gehiago bildu ahal izango genituzke, diru kopuru garrantzitsua da lau milioi euroko udal etxebizitzen aurrekonturako ", nabarmendu du.

Bigarrenik, diru-sarrerak "Udalaren zerbitzuak finantzatzeko" erabiltzea proposatu du, "presio turistiko handiena duten auzoen beharrei erantzuna emateko".

Beste proposamenetako bat diru sarreren parte bat ekonomia dibertsifikatzera bideratzea da, tokiko ekonomia eta turismoaren menpe ez dauden jarduera eta sektoreak bultzatuz. Era berean, EH Bilduk parte bat turismoari lotuta ez dagoen tokiko merkataritza bultzatzeko erabiltzea proposatu du, turismo-tasa handienak dituzten auzoetan.

Karlos Renedok esan du proposamen “errealista eta egingarri” honek  “kontrolik gabeko turismoak gure hirian dituen eragin negatiboak arintzen lagunduko” duela”. Ildo horretan, Carlos Urgoiti Ogasun zinegotzi delegatu berriarekin bilera bat eskatuko dutela iragarri du, zerga turistikoari buruzko udal ordenantza berria egiteko ekarpenak helarazteko. “Benetan espero dugu akordioak lortzea”, amaitu du.