AKTUALITATEA


| 2026-05-22 09:31:00

Maria del Rio, EH Bildu udal taldeko bozeramailea, "kezkatuta" agertu da Genero Indarkerian Esku Hartzeko Negoziatuan gertatzen ari den egoeraren aurrean, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko zerbitzua, alegia. Berdintasun Sailak zuzendutako zerbitzua den heinean, Jone Larrazabal zuzendariaren eta Itziar Urtasun, Berdintasun Arloko zinegotzi delegatuaren agerraldia eskatu du.

Del Riok azaldu duenez, EH Bilduk Berdintasun eta Jai Arloak bat egin zutenetik, Genero Indarkerian Esku Hartzeko Negoziatuaren egoerak txarrerantz egin duela jakin izan dute, eta "biktimei arreta emateko zerbitzuan disfuntzioak sortzen" ari direla. Egoera "larritzat" jo du Del Riok.

"Jakin dugu zuzendaritzaren kudeaketa eskasak tentsio- eta estres-egoerak eragiten dituela zerbitzu honetan, eta horri gehitu behar zaizkio baja-egoeren estalduran izandako atzerapenak, batzuetan ez baitira bete ere egiten. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, biktimei eskainitako zerbitzuari eragiten dio ", azaldu du.

Ildo beretik, zehaztu duenez, "iristen diren emakumeentzako lehen arretako eta triajeko protokolorik ere ez dago, administrari-plazak betetzen dituztenek artatzen baitituzte, langile horiei horri buruzko prestakuntzarik eskaini barik".

Horrela, EH Bilduk hainbat galdera aurkeztu ditu horri buruz, eta Berdintasun eta Jai Saileko zuzendariaren eta bere zinegotzi delegatuaren agerraldia eskatu du, horri buruzko azalpenak emateko, egoera horretara nola iritsi den zehazteko eta, bereziki, bizitzen ari den egoerari irtenbidea emateko eta zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko. 

Bilbon, 2026ko maiatzaren 22an.