Herritarren parte-hartzea bermatzeko urratsak ematea eta gobernantza kooperatibo baterantz aurrera egitea helburu grrantzitsuak dira EH Bildurentzat eta, horregatik, azaroko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko lau mozio aurkeztu ditu: aurrekontu parte-hartzaileak handitzeko, udal webguneak hobetzeko, barrutietako zentroen erabilera handitzeko eta udal araudia aldatzeko, hain zuzen ere.
Maria del Rio EH Bildu udal taldeko bozeramaileak eta Garazi Perea zinegotziak Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu dituzte proposamen horiek. Del Riok adierazi duenez, "gaur egun, asko dago egiteko Bilboko Udalean herritarren parte-hartzea bermatzeko eta gobernantza kooperatiboan, modernoan eta gardenean ere aurrera egiteko".
"Hori dela eta, hainbat proposamen aurkeztu ditugu arlo ezberdinetan eragiteko eta aldi berean toki-administrazioak hobeto funtzionatzeko, hau Bilboko bizilagunengandik gertuago egon dadin urratsak emateko”, nabarmendu du.
Aurrekontu parte hartzaileak
Ildo beretik, Garazi Pereak azpimarratu du aurrekontu parte-hartzaile "eraginkorragoak eta finantziazio handiagoa izango dutenak" behar direla. Gogoratu duenez, duela zortzi urtetik, aurrekontu parte hartzaileak sortu zirenetik, Udal Gobernuak "2 milioi euro bideratu ditu helburu horretara". Adierazi duenez, “ordutik KPIa %21,9 igo da” eta horregatik, bere ustez, “ez da onargarria partida izoztuta mantentzea”.
"Beharrezkoa da kopurua urteko aurrekontuaren igoerarekiko modu proportzionalean handitzea, erabilitako baliabideak herritarren beharretara egokitu daitezen", azaldu du, eta gaineratu hori dela, hain zuzen ere, mozioan eskatzen dutena.
Era berean, teknikariek, ordezkari publikoek eta herritarrek osatutako talde eragile bat sortzea proposatu du EH Bilduk, parte-hartze prozesua ikuspegi integral eta transbertsal batetik kudeatu dezan. Zinegotziak azaldu duenez, hori, aldi berean, "gobernantza kooperatiboaren logikan aurrera egiteko eta aukeratutako proiektuak bilbotarren beharren isla direla ziurtatzeko modu bat izango litzateke". "Une honetan, aurrekontu parte-hartzaileek ez dituzte beren oinarriak betetzen; tresna erabilgarri bihurtu behar dira", nabarmendu du.
Webgunea
Webguneko aldaketei dagokienez, Pereak azaldu du bertan izandako aldaketa ugarien ondorioz, webgune "errepikakorra eta intuizio gutxikoa den orrialdeen sare konplexua dela gaur egungoa, erabilgarria eta gardena izan beharrean". “Bilbo erreferentziala izan zen bere webguneari dagokionez, baina une honetan zaharkituta dago eta ‘erabiltzaile esperientzia’ falta da argi eta garbi”, gaineratu du.
Esan duenez, “kontuan izan behar da herritarrek udalarekin duten lehen hurbilpena webgunearen bitartez" egiten dutela, eta beraz “eredugarria izan behar du irisgarritasunari eta gardentasunari dagokionez”.
Horregatik, EH Bilduk, bere proposamenaren bitartez, Bilboko Udalak 2025erako webguneak integratzea proposatu du, horiek eskuragarriagoak, sinpleagoak, eraginkorragoak eta erantzungarriagoak izan daitezen. "Ez kapritxoz, ezta estetikoki ere, baizik eta herritarrentzat benetan baliagarriak izan daitezen”, argitu du.
Barrutiko zentroak eta Udalbatzako Barne Araudia
Bestalde, Maria del Riok azaldu du Barrutiko Udal Zentroei buruzko beste proposamen bat aurkeztu dutela; izan ere, bere ustez, “beharrezkoa da barrutietara irekitzea eta Udalaren deszentralizazioan aurrera egitea”. Hori dela eta, elkarteen eta barrutiko ordezkarien artean ekipamenduen erabilera sustatzeko araudia berrikustea proposatu dute. “Parte hartzeko eskaileran aurrera egitea, erabilera partekatuen sustapenarekin batera doa”, adierazi du.
EH Bilduk egindako laugarren proposamena Osoko Bilkuraren Araudi Organikoa aldatzeko eskaera da, ordenantza onartzeko prozesuak gardenagoak izan daitezen. Horrela, onartu aurretik, ordenantza guztiak batzorde espezifiko batetik pasatzea proposatzen dute, bertan behar diren azalpenak emateko. “Azalpenak ematea ezin da zinegotziaren borondatearen araberakoa izan”, ohartarazi du.
Azken batean, Del Riok azaldu duenez, “sakontze demokratikora bideratutako” lau proposamen dira. “Badakigu neurri horiek agian ez dutela titular handirik jasoko, baina administrazio publikoaren modernizazioan, gardentasunean eta eraginkortasunean aurrera egitea ordezkari publiko guztiok herritarrekiko dugun betebeharra da. Beharrezkoa da eztabaida politikoaren maila igotzea, etorkizunari aurrea hartzea eta administrazio aurrehartzailea eta eraginkorra lortzea “, gaineratu du.