AKTUALITATEA


| 2022-09-26 14:08:00

EH Bilduko udal bozeramaile Jone Goirizelaiak adierazi duenez, Bilbon ospatu berri den Europako Multikirol Txapelketa bezalako kirol ekitaldiek “euskal selekzioaren ofizialtasunetik urruntzen gaituzte eta Espainiako ikurrak inposatzen dituzte gure nortasunaren gainetik”.

Ildo horretan, Goirizelaiak gogorarazi du txapelketa honek “Espainiako edo Frantziako uniformea janztera behartu dituela euskal atletak, eta ez duela aukerarik eman estaturik ordezkatu gabe lehiatzeko”. Gainera, sariak emateko ekitaldien ezaugarri nagusia “espainiar ikurrak nabarmentzea izan da, megafoniatik bere ereserkia jarriz eta bandera   zabalduz”. Ildo horretan, Bilboko Areatzan udal ordezkarien presentziarekin egindako sari banaketa ekitaldia aipatu du.

Goirizelaiaren arabera, “zentzugabekeria da euskal selekzioa babestea eta, aldi berean, aukera hori debekatzen duten ekitaldiak sustatzea”. Haren ustez, Udal Gobernuaren aitzakia ezin da “ezjakintasuna” izan, ezta “elkarte antolatzailearen eskakizuna dela esatea”; izan ere, “ekimen honen sustatzaile gisa, baldintzak ezar ditzake eta, ostantzean, aldez aurretik aukera dezake zer motatako ikuskizunak nahi dituen Bilbon eta Euskal Herrian”. “Adibide gisa, aipatu behar da badirela Euskal Herria nazio gisa errespetatzen duten kirol-modalitateak”, gaineratu du.

Azkenik, eta joan den igandeko EAJren Alderdi Egunari erreferentzia eginez, nabarmendu du “Forondako zelaietan Goazen askatasunera aldarrikatu eta, bezperan, Espainiako ereserkiarekin apaindutako festa bat zerbitzatzen digute, Bilbo erdi-erdian.”.