AKTUALITATEA


| 2026-02-26 12:26:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak beharrezko kudeaketak egingo ditu Harreragune zentroko edo beste espazio batzuetako zerbitzuak egokitzeko, onartuko den pertsona migratzaileen erregularizazio prozesuak eragindako behar puntualei erantzun egokia emateko. Akordio hori gobernu taldeak eta EH Bilduk adostutako zuzenketa bat onartu ostean lortu da, alderdi subiranistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Angelica Orozco EH Bilduko zinegotzia poztu egin da lortutako akordioagatik, izan ere, zerbitzu hori indartzerakoan “eskatzen duten pertsona guztiei arreta eman ahal izango zaie, informazio ofiziala, fidagarria eta eskuragarria, eta ordutegiak egokitzerakoan, lana dela eta, goizez joan ezin diren pertsonei arreta ematea ahalbideratuko da”. “Herritarren errealitateetara egokitzen den zerbitzu publiko batek errealitate horri erantzun eraginkorra ematea bermatzen du”, gaineratu du.

Orozcok nabarmendu duenez, zerbitzu publikoek erregularizazio prozesuan duten papera “inoiz baino garrantzitsuagoa da, desinformazioaren aurrean bermea baitira eta iruzurrak eta eskrupulurik gabeko jendearen balizko gehiegikeriak ekidin baititzake, egoera irregularrean dauden pertsonez baliatzen direnak etekina ateratzeko”.

Ildo horretan, azaldu duenez, EH Bilduk “publikoa defendatzen du, aukera berdintasuna bermatzen duelako”. “Hitzordu eta hitzordurik gabeko aurrez aurreko arreta erraztea, ordutegiak zabaltzea, informazioa hainbat hizkuntzatan eta hizkuntza argian eskaintzea, epeak, dokumentazioa eta kanal ofizialak azaltzea… horiek guztiak eskubide bat eskuratzea ziurtatzen duten neurriak dira, eta horrela eskubide hori ez dago gaitasun ekonomikoaren, denbora erabilgarriaren, ezagutzaren eta, batez ere, bitartekari pribatuen mende”, gaineratu du.

“Erregularizazioa eskura dezakeen pertsona bakar bat ere kanpoan ez geratzeko erantzukizuna dugu. Ez dezagun ahaztu pertsona migrantea izatea, ez dela, per sé, zaurgarritasunaren sinonimo, harrera lurraldeetako politika publikoek jartzen gaituztela zaurgarritasun egoeran”, amaitu du.