AKTUALITATEA


| 2023-03-23 11:52:00

EH Bildu Bilbok maiatzeko udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du gaur Olabeagan egindako ekitaldi politikoan, “Bilbo eraldatzeko belaunaldi-erronkari aurre egiteko prestatuena eta gaituena, izan ere, egungo kudeaketaren ondorioak, biharko bilbotarrek pairatuko dituzte”, adierazi du Maria del Ríok, EH Bilduren Bilboko alkategaiak. Ildo horretan, “egungo gobernua ez dela inoiz gai izango erronka berriei aurre egiteko, bere jarduna iragana kudeatzera mugatzen delako”, gaineratu du.

Maria del Riorekin batera, EH Bilduren udal zerrendaburu dira Karlos Renedo arkitekto eta hirigilea; Garazi Perea egungo udal taldeko koordinatzailea; Angelica Orozco migrazioan eta berdintasunean aditua; Xabier Fernandez ‘Jabotxa’ kazetari eta Athletic Clubeko prentsa buru ohia ia bi hamarkadatan; eta Gontzal Martinez de la Hidalga pediatra osasun publikoan.

Iñaki Brouard mediku erretiratuak, Garazi Muniain futbolari ohiak, Ane Zabala kazetariak eta Urdax Antepara Zierbenako arraunlariak osatzen dute zerrenda, Bilboko gizarte sektore eta auzo desberdinetako beste hainbat lagunen artean.

Eraldaketarako aitzindaria

EH Bilduren hautagaiak azpimarratu duenez, EH Bilduren Bilboko Udalerako zerrenda osatzen dugunok “irakiten dagoen hiria nahi dugu, borroka sozialen erreferente eta pertsona guztien eskubideen defentsan abangoardia bilakatuta. Eta eraiki nahi dugun eremua, gaur egun ez bezala, Euskal Herria da. Bilbo aitzindari izan behar da gure herri osoaren eraldaketa ekosoziala eta urbanoa aurrera eramateko”.

Maria del Riok azaldu duenez, Euskal Herriko ezker subiranistarentzat “ez da helburu  hauteskunde zerrenda batean egotea, baina erakundeek kaleetan sentitzen denaren antz handiagoa izateko hartzen dugun konpromisoaren parte da”. Ildo horretan, ziurtatu du “Bilbo udala baino askoz feministagoa eta ekologistagoa dela; udal gobernua baino askoz ere solidarioagoa eta ezkertiarragoa dela, eta herritarren parte-hartzeari ixten dizkioten ateak baino askoz ere anitzagoa eta irekiagoa dela”.

“Eta gure hiria, bada ere, Udala bera baino askoz euskaldunagoa, zentzu guztietan; izan ere Euskal Herriari bizkarra ematen dion Bilbo marka bat eraiki nahi izan dute azken hamarkadetan eta gure hizkuntzak eta gure kulturak folklorean baino ez dute lekurik topatu jeltzaleek diseinatutako hirian”, argitu du. 

Del Rioren esanetan, “bada garaia egoera hori iraultzeko”; batetik, “maite dugun Bilbo euskal hiribururik garrantzitsuena delako, euskal hiztun gehien dituena eta gure kultura zaindu eta zabaltzeko bozgorailurik indartsuena; eta, bestetik, sinetsita gaudelako Bilbo Euskal Herri osorako berrikuntza sozialaren erreferentzia nagusia izan behar dela, eta indartsuagoak garela Euskal Herriko hiri nagusia den Bilbon”.

Maria del Riok ziurtatu du EH Bilduren zerrenda dela belaunaldien arteko erronka horri aurre egiteko “gaitasun handiena duena, gaur egiten hasi garenaren ondorioek 2040an adin nagusitasunera iritsiko diren bilbotarrei eragingo baitiete”.

“Orain egiten dugunak balio dezake putre-funts batek bere auzoetatik bota ez ditzan. Gaur erabakitzen dugunak balio dezake tokiko merkataritza bere haurtzaroaren oroigarri izan ez dadin. Gaur landatuko ditugun zuhaitzek biharko Bilboko tenperatura askoz ere handiagoa eta arriskutsua izatea eragotziko dute; eta gaur diseinatu eta blindatuko ditugun politika sozialek eta parte hartzaileek etorkizun hurbil horretako Bilbon arrakala sozial sakonagorik ez egoteko balioko dute”, nabarmendu du.