AKTUALITATEA


| 2025-02-27 15:13:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udaleko Immigrazioko Tokiko Kontseiluak hiriko migratzaileen elkarteek dituzten espazio beharrak kontrastatuko ditu, egungo espazioak erabiltzen laguntzeko eta erabaki egokiak hartu ahal izateko helburuarekin. 

Era berean, Bilboko migratzaileen elkarteek laguntza jasotzen jarraituko dute beren jardueren garapenean, espazioak antolatzeko lankidetza-formulen bidez. Akordio hau EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa onartu ondoren lortu da, alderdi subiranistak egindako proposamen baten ondorioz. 

Angelica Orozco EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, bere proposamenak migratzaileen elkarteentzako espazio baten beharrari erantzuten dio; izan ere, "elkarteek ez dute espazio fisiko propiorik euren proiektuak garatu ahal izateko". 

Esan duenez, nahiz eta hiriko 25 udaltegiek hainbat arreta-ordutegi izan, espazio horien erabilgarritasunak ez ditu erabat betetzen migratzaileen elkarteen beharrak, gehienak astelehenetik ostiralera funtzionatzen baitute eta asteburuetan ordutegi mugatuak dituzte. 

Hori dela eta, azaldu duenez, Immigrazioaren Tokiko Kontseiluak prozesu "zorrotz eta zehatz" bat egiteko konpromisoa hartu, mugimendu migratzaile asoziatiboaren espazio beharrak kontrastatzeko eta aztertzeko. "Horrela, zehaztasunez identifikatu ahal izango dira kolektibo bakoitzaren eskakizun espezifikoak, eta haien eskaerei erantzuteko ahalbidetuko duten erabaki egokiak hartu ahal izango dira", adierazi du. 

Gaur egun Udalaren eta zenbait kolektiboren artean laguntza eta lankidetza mekanismoak ondo zehaztuta daudela adierazi duen arren, zehaztu du eredu horiek "migratzaileen elkarte guztietara zabaldu behar direla, elkarte bat bera  ere ez kanpoan gelditzeko, eta euren lana egiteko behar dituzten baliabideak eta erakundeen babesa izateko". 

Orozcok azaldu duenez, "bertatik bertara ezagutzen du erakunde askok egiten duten lan garrantzitsua, komunitateak ordezkatzea eta eskubideak aldarrikatzeaz gain, kolektiboetako kide diren migratzaileei laguntza, orientazio eta babesa eskaintzen baitiete". "Lan hau gehienetan modu erabat altruista eta solidarioan egiten da, eta ezinbesteko ekarpena da Bilborentzat eta bilbotarrentzat", nabarmendu du. 

Horregatik guztiagatik, lortutako akordioa "norabide egokian urrats garrantzitsua da eta gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko konpromisoa berresten du". "Lanean tinko jarraituko dugu migratzaileen elkarteek behar dituzten baliabideak eta espazioak izan ditzaten, eta Bilbok elkarbizitzarako eredu hobe baterantz aurrera egiten jarrai dezan", amaitu du.