AKTUALITATEA


| 2023-01-26 12:46:00

EH Bilduk aurkeztutako mozio baten harira, Bilboko Udalak Ministerioari eskatuko dio, Zorrotzako trenbidearen hiri-integraziorako informazio-azterlanaren barruan, lurpeko geltokirako sarbide bat auzoaren erdiguneko puntu batean aurreikusteko. Gaur egun, txostenak ez du erdigunean sarbiderik aurreikusten, nahiz eta Zorrotzako bizilagunen eskaera bat izan, 30 urte baino gehiago baitaramatzate mobilizatzen trenbide-pasaguneak lurperatzea eskatzeko.

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaleak azaldu duenez, gobernu taldearekin zuzenketa bat adostu dugu “auzoaren beharrei erantzuteko”; izan ere, hainbat aukera aztertu ondoren, Ministerioari eskatuko diogu informazio-azterlanean bideragarritasun teknikoaren azterketan sartzeko, Zorrotzako lurpeko geltoki berriaren sarbide-kanoietako bat Zorrotza-Kastrexana errepidera lekualdatzeko, Zazpilandako errepidearekiko bidegurutzearen inguruan. FEVEren egungo geltokia dagoen lekutik gertu.

Goirizelaiak akordio hori “garrantzitsutzat” jo du; izan ere, Udalak eskaera hori  eramango du, Zorrotza auzoaren erdiguneko gune batean lurpeko geltokirako sarbidea izan dezan, herritarren % 60 bertan bizitzen baita. Ildo horretan, gogorarazi duenez, joan den asteartean ehundik gora lagunek hartu zuten Zorrotzan egindako auzo-batzarrean eta bertan, berretsitako eskaeretako bat geltokiaren sarbide bat erdigunera hurbiltzea izan zen, goiko aldeko irisgarritasuna galdu gabe.

EH Bilduko bozeramaleak “beharrezkotzat” jo du prozesu honetan Zorrotzako bizilagunen parte hartzea. Horrela, pozik agertu da, izan ere, onartutako zuzenketaren bidez, gobernu taldeak konpromisoa hartu du bizilagunei eta Zorrotzako elkarteei proiektuaren garapenari buruzko informazioa emateko, proiektuaren aurrerapen guztiak bertatik bertara ezagutu eta behar diren zalantza guztiak argitu ahal izan ditzaten. “Herritarrei entzutea, negoziatzeko gaitasuna eta proiektuaren jarraipena proposatutako hobekuntzak kontuan har daitezen, hori da akordiorako gakoa”, azpimarratu du.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, “bizilagunen hainbeste urteko borrokaren eta bete gabeko promesen ondoren, zor historiko hori kitatzeko garaia da, eta ondo egin behar da”. “Horrelako obra bat (116 milioi euro) ezinbestekoa da hasieratik ondo planteatzea, eta helburu horrekin EH Bilduk alegazioak aurkeztu ditu Ministerioan, eta gaur akordioa lortu du Zorrotza auzoaren erdiguneko gune batean lurpeko geltokirako sarbidea izan dezan, auzotarrek eskatu bezala”, azpimarratu du.