AKTUALITATEA


| 2022-10-27 15:10:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak kanpaina bat martxan jarriko du txakur-gorotzek eta txizek lorategi eta espaloietan dituzten ondorio kaltegarriei buruz herritarrak kontzientziatzeko. Kanpainaren diseinuan inplikatutako udal-sail guztiek parte hartuko dute eta beste leku batzuetan egiten diren jardunbide egokiak eta ekimenak aztertuko dira. Ekimen hori martxan jarriko da EH Bilduren eta Udal Gobernuaren arteko zuzenketa bat onartu ondoren, alderdi subiranistaren mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Bilbon, 40.000 txakur inguru daude, duela zortzi urte baino %33 gehiago. “Etxeko abereak hainbeste ugaritzeak zerikusia izango du, ziurrenik, pertsona askok bakardadeari aurre egiteko duten beharrarekin; gaur egungo beste gaitz pandemiko bat”, azaldu du.

Zubizarretak esan duenez, txakurrak Bilboko parke eta kaleetan paseatzen dituzten pertsona gehienek “jokabide ona eta kontzientzia erakusten dute beren betebehar zibikoekiko, besteak beste beren abereen gorotzak jaso eta txiza urez garbitzea”. Hala ere, zehaztu duenez, “herritar gutxi batzuen axolagabekeriak edo kontzientzia ezak higiene-, ingurumen- eta bizikidetza-arazoak dakartza”.

Ildo horretan, adierazi du, inkesta berri baten arabera, bilbotarren %90ak uste duela  kaleak ez daudela txakurren gorotzez eta pixez garbi, eta horrek “ezinegona” sortzen du.

Garbitasunaren eta espazio publikoaren erabileren arloan bizikidetza publikoaren balio zibikoak sustatzeko azken kanpaina egin zenetik bost urte igaro direla gogorarazi ondoren, Zubizarretak adierazi du “beharrezkoa” dela ekimen berri bat abian jartzea, gai horren inguruan erantzukizuna eta jokabide zibikoa sustatzeko.

Hori horrela, Zubizarretaren ustez, gaur lortutako akordioa “ona da hiriarentzat”, eta gogorarazi duenez haren diseinuan udal arlo ezberdinak inplikatuko dira (Osasuna eta Kontsumoa, Zerbitzuak eta Bizi-kalitatea, Hezkuntza edo Herritarren Segurtasuna), eta horren inguruan jardunbide egokiak abiarazi dituzten pertsonen edo gizarte-ekimenen ekarpenak ere kontuan hartuak izango dira.