AKTUALITATEA


| 2019-10-24 12:40:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Bilboko Udalari eskatzeko Gotzaindegiak Barrainkua 2ko orubean eraikin berria eraikitzeko duen proiektuaren eraiste eta eraikitze lizentziak geldiarazteko, eta parteen artean adostutako irtenbidea bilatzeko lan egin dezala,  Abandoko eremu horretan espazio libre bat izateko aukera ez galtzeko.

Era berean, Jone Goirizelaiak eta Asier Gonzalezek, EH Bildu Bilbo udal taldeko zinegotziek, Mario Iceta Bilboko Gotzainari gutuna helarazi diote batzar bat eskatzeko, aipatutako proiektuaren inguruan adostasunak eta irtenbideak bilatzeko eta proiektu hori birbideratzeko helburuarekin. 

Goirizelaiak azaldu duenez, kontuan hartu behar da egun zein den Barrainkua 2 orubean zazpi solairuko eraikina egiteko espedientearen egoera: eraispen baimena erabaki barik dago eta eraikitzeko baimenik ere ez du oraindik. Era berean, Euskadiko Auzitegi Gorenak tramitera onartu du 2018an Ekologistak Martxan taldeak orubearen xehetasun azterketaren kontra aurkeztutako helegitea. “Baina, horrez gain, proiektu honen kontra argi eta garbi agertu dira Abando inguruko bizilagunak eta Cervantes eskolako gurasoak”, gaineratu dute.

Eraispen baimenari dagokionez, adierazi dutenez, erabaki gabe dago, izan ere, orube horretan kutsatzailea izan daitekeen jarduera egon zenez,  IHOBEK  dokumentu bidez balioetsi behar du eraisketa, eta Gotzaindegiak ez du oraindik dokumentazio hori aurkeztu.

Palmondoen lekualdatzeari dagokionez, Lorezaintzako azpi-sailak 2019ko irailean xedatutako agirian honakoa esaten du: urriaren 15erako palmondoak lekualdatu ezean 2020 urteko maiatzera itxaron beharko da lekualdaketa egiteko.  “Egun palmondoak leku berdinean jarraitzen dute”, gaineratu dute.

Auzotarrentzako espazio askea

Hori gutxi balitz, EH Bildu Bilboko zinegotziek azpimarratu dutenez, Abando inguruko bizilagunak eta Cervantes eskolako gurasoak proiektu honen kontra agertu dira eta birbideratzea eskatu dute behin da berriz; izan ere, Abando Habitable y Saludable plataformak azaltzen duenez, inguru horretan auzotarrentzako espazio aske bat lortzeko aukera desagertzeko arriskua  dago.

“Garaiz gaude eta beharrezkoa da gaia alde guztien artean eztabaidatzea eta irtenbidea bilatzea”, azpimarratu dute EH Bildutik. Horregatik, batetik, urriaren 31n eztabaidatuko den mozioa onartzea espero dute eta, gainera, Mario Iceta gotzainari eskatutako batzarra onartzea ere bai.