AKTUALITATEA


| 2025-03-12 11:47:00

Martxoko Udalbatzari begira, San Inazio, Olabeaga, Done Petri, San Adrian eta Uribarriko frontoiak estaltzeko plangintza bat egitea eskatu du EH Bildu udal taldeak. Hori egiterakoan frontoi bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzea, eta plangintza hurrengo aurrekontuetan sartzea ere eskatzen du EH Bilduk aurkeztutako mozioan. 

Horren berri eman du gaur Patxi Xabier Fernandezek, EH Bildu udal taldeko zinegotziak, Deustuko frontoian egindako agerraldian. Azaldu duenez, frontoiak kanpoko kirol ekipamendu garrantzitsuak eta oso erabiliak dira bilbotarron aldetik. Bilboko 225 kanpoko kirol ekipamenduen artean 17 frontoiak dira, Bilbao Kirolak erakundeak berriki aurkeztu duen Plan Estrategikoak jasotzen duenez. Hamazazpi frontoi horietatik batzuk estalita daude jada eta beste auzo batzuetan aspaldiko aldarrikapena da. 

Fernandezek aipatutako frontoiak estaltzeak ekarriko lituzkeen onurak aipatu ditu. "Kirola kalean egiteko aukerak biderkatuko lirateke, eta, horrez gain, auzoek kaleko ekintza ezberdinak egiteko dituzten aukerak ere biderkatuko lirateke", adierazi du. 

Gainera, azpimarratu duenez, "auzoen aspaldiko aldarrikapena da aipatutako frontoiak estaltzea, bizilagunek urteko egun guztietan espazio horretaz gozatu ahal izateko, eguraldiak baldintzatu barik". "Jakin badakigu Bilbon, bataz-beste, urtean 125 egunetan euria daukagula, eta horrek espazio estalien beharra areagotzen du, inolako zalantza barik", gaineratu du. 

Adibide bezala, Zorrotzako frontoi estalia jarri du, izan ere, "joan den larunbatean, euri zaparradak direla eta, frontoia estalita izateak auzoko Aratusteetako ekintzak ospatzea ahalbidetu zuen, espazio hori barik ez bailitzateke posible izango". 

Oro har, esan duenez, frontoiak estaltzearen onurak "asko" dira, "espazioaren erabileraren aukerak askoz gehiago direlako, auzoen dinamizaziorako elementu garrantzitsua bihurtuz". "Era berean, egun ditugun azpiegituren aprobetxamendu hobeagoa suposatuko luke", nabarmendu du. 

Hau guztia esanda, martxoko osoko bilkuran aurkeztutako mozioak udal gobernuaren babesa jasotzea espero duela esan du EH Bilduko zinegotziak.