AKTUALITATEA


| 2019-07-18 13:15:00

~~Euskal Herrian jaietan murgilduta gaude eta, horrela izanik, ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ kanpaina abiarazi du EH Bilduk.  Kanpainaren helburua da herritar oro konturatzea emakumeek eta gizonek ez dutela askatasun eta behar berdinekin jokatzen jaietan eta jai eremuetan eta egiazko jai parekideak eraikitzea.
Kanpaina horren aurkezpena egin dute gaur prentsaurrekoan Jasone Agirrek, EH Bilduko legebiltzarkideak; Jone Goirizelaiak, Bilboko udaleko EH Bilduko bozeramaleak; Bea Ilardiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaleak; eta  Idurre Bidegurenek, EH Bilduko senatariak.
Bea Ilardiak gogoratu duenez, “zoritxarrez, azken asteetan hainbat eraso sexual pairatu izan dituzte Euskal Herriko hainbat emakumek herri eta hiri ezberdinetan: Barakaldo, Bilbo, Beasain, Santurtzi, Hernani, Iruña…”. “Argi dago datuak ez direla onak, Euskal Autonomi Erkidegoan udako 3 hilabeteetan iaz 174 salaketa tarteratu ziren eta salatzen direnak eragiten dituzten erasoen gutxiengoa dela kontutan hartzen badugu, datuak jasanezinak dira”, adierazi du.
Ildo horretan, azaldu dutenez,  “jai eremuak eta jai giroak aproposak dira sexu erasoak emateko” eta “horren guztiaren inguruan kontzientzia hartzea eta egiazko jai parekideak eraikitzea ezinbestekoa da, emakumeen eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako edozein eraso saihesteko helburuarekin”. 
Protokoloa
Horrela, hainbat neurri proposatu dituzte EH Bilduko ordezkariek. Horien artean, Goirizelaiak adierazi duenez, herri eta hiri guztiek izan behar dute emakume elkarte eta mugimendu feministako kide eta berdintasun teknikariekin batera koordinatutako jaietarako indarkeria matxista protokoloa. Gainera, bere esanetan, protokolo horretan garrantzitsua da, besteak beste, txosna eta gazte mugimendua atxikitzea.
Jaien aurretik autodefentsa feminista ikastaroak antolatzea, eraso sexistei buruzko kontzientziazio kanpainak martxan jartzea eta jaietako egitarauaren eta ekintzen inguruko erabaki espazio guztietan parekidetasuna bilatzea dira EH Bilduko ordezkariek proposatutako beste neurri batzuk.
Era berean, Goirizelaiaren esanetan, jaietan eta espazio ludikoetan  sortzen diren jardun, portaera, bizitzeko modu desberdinak, rolak… identifikatzea eta parekidetasuna lantzeko tailerrak zein espazioak aktibatzea ere “garrantzitsua” da.
Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaleak nabarmendu duenez, jaietako ekintzak nori zuzenduta dauden, zenbateko aurrekontua duten eta nortzuk parte hartuko duten hausnartzea beharrezkoa da eta, behar izanez gero, orekatzeko irizpideak ezartzea: emakume elkarteak eta talde feministak zuzenean gonbidatu, bilera orduak eta egunak zaindu, informazioa partekatu, jardueren formatua emakumeentzat erakargarria egin, ikusarazi eta lehenetsi emakumezkoak protagonista diren jarduerak (kultura, kirol jarduerak), epaimahai parekideak sortzen saiatu, balioa eta aitortza soziala eman gehienetan emakumeek egiten dituzten eta bigarren mailakotzat hartzen diren lanei...
Ildo horretan, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da jai egitarauetan eta komunikazioko materialetan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta  gizonen eta emakumeen aniztasuna (adina, jatorria, sexu orientazioa, genero adierazpena...) ikusaraztea.
Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar diren moduan, askatasun afektibo-sexualaren kontrako indarkeriari ere aurre egin behar diogula, LGTBIQ koleltiboekin elkarlanean, nabarmendu du Goirizelaiak, izan ere, “sistema heteropatriarkalean oinarrituta dauden indarkeriak dira biak”.
EH Bilduko ordezkariak gogoratu dutenez, “jaietan eta horien inguruan sortzen diren egoera desberdinak, bai eta bertan ageri diren elementuak aitzakiatzat hartzen dira naturalizatzeko gertatzen diren hamaika eraso sexista eta sexual”.
Testuinguru orokor honetan, EH Bilduko emakumeen ustez, jaiak dira “unerik aproposena eremu hurbilean nahi dugun eredua eraikitzeko: herrikoia, parte hartzailea, berdinzalea, librea, segurua....”. “Bide hori lantzeko azterketa kritiko bat egin behar dugu; eta horrela aipatutako neurriak proposatu ditugu”, nabarmendu dute.