AKTUALITATEA


| 2026-07-15 11:26:00

Bilbon gaur aurkeztu den 'Etxebizitza Hutsen Diagnostikoaren” lehen azterketa aurrerapausoa da gobernu taldeak eta EH Bilduk 2025ean lortutako akordioa betetzeko bidean.

Hala ere, Maria Del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak azaldu duenez, "atzerapenarekin eta osatu gabe dator", eta "etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko pauso sendoak ematea premiazkoa” dela gehitu du. Lehen azterketa horrek agerian utzi du Bilbon gaur egun 6.935 etxebizitza huts daudela. Datu horren aurrean, EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi du premiazkoa dela neurriak "ahalik eta azkarren" hartzea, kontuan hartuta gure hiria "etxebizitza larrialdi egoeran" dagoela.

Horretarako, EH Bilduk irailean eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu duela iragarri du gaur. Mozio horretan, "ibilbide-orri bat planteatzen du, jabe handien esku dauden etxebizitza hutsak berehala mobilizatzeko helburua duena”.

Hutsik dauden etxebizitzen mobilizazioa erabili beharreko tresnetako bat da eta, zentzu horretan, gogorarazi du ugari izan direla EH Bilduk aurkeztutako proposamenak eta Udal Gobernuarekin lortutako akordioak. Horien artean, gaur aurkeztu den diagnostikoa edo etxebizitza hutsei OHZren errekargua handitzea, etxebizitza hori mobilizatzeko.

"Irailean, hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzeko ibilbide-orri bat planteatzen duen mozioarekin ere akordio bat lortzea espero dugu, etxebizitza horiek ohiko bizitegi-alokairu eskuragarrian sartzeko helburuarekin", nabarmendu du.