AKTUALITATEA


| 2024-10-24 11:11:00

Maria del Rio eta Nerea Undabarrena EH Bildu udal taldeko bozeramaile eta zinegotziak, hurrenez hurren, nabarmendu dutenez, hezkuntza "zalantzarik gabe, lehentasunezko gaia da Bilborentzat". Hori dela eta, gai honetan dauden erronkei erantzuteko asmoz, EH Bilduk proposamen batzuk aurkeztu ditu urriko Osoko Bilkuran, "Bilbo hezkuntza erdigunean jartzen duen hiria" izan dadin.

Bilbon egindako prentsaurreko batean, EH Bilduko zinegotziek azaldu dutenez, euren proposamenen bidez honakoak eskatzen dituzte: alde batetik, Bilboko 'Eskola Taupadak' Plan Estrategikoa sortzea eskolentzat eta haien inguruneentzat; bestetik, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako eta haien familientzako hezkuntza-espazioak sortzea; eta, azkenik, adinekoentzako Esperientzia Eskola bat martxan jartzea.

'Eskola Taupadak'

'Eskola Taupadak' Plan Estrategikoari dagokionez, Maria del Riok azaldu duenez, izen hori jarri diote, gaur egun, "eskolak auzoen dinamizaziorako espazio naturalak direlako". "Auzo-bihotzak jendea biltzen den gune naturalak badira, eskolak, sarrera eta irteera-orduetan batez ere, auzo horien taupada dira. Eta errealitate hori hiri osoan zehar hedatzen da", nabarmendu du.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen du EH Bilduk eskola-bideak, eskola-inguruneak eta ikastetxeak (jolastokietatik instalazioetara) osotasun gisa pentsatzea. "Erabilerak birplanteatu behar dira, inguru berdeak bultzatu behar dira, komunitatearekin lotu behar dira... Ez da onargarria eskaera zehatz bat dagoen bakoitzean, udal instantziek bata besteari pasatzea ardurak", esan du Maria del Riok.

Horregatik, EH Bilduren bozeramailearen ustez, "ezinbestekoa" da plan estrategiko bat egitea, "udaleko sail ezberdinak hartuko dituena eta egin beharreko ekintzak planifikatu eta data jarriko diena". "Inprobisazioan jarraitzea onartu ezin dugun luxua da, plangintza bat beharrezkoa da", ohartarazi du.

Ildo horretan, plangintza bezain garrantzitsua parte-hartzea dela nabarmendu du. Hortaz, 'Eskola Taupadak' Plan Estrategikoak hezkuntza-komunitate osoa inplikatzea defendatu du, "zentzurik zabalenean: gurasoak, hezkuntzako irakasleak eta langileak, ikasleak, baina baita inguruetako bizilagunak eta merkatariak ere". "Plan estrategiko honek auzo osorako balio behar duelako, eskolen influentzia-eremuak auzoen dinamizaziorako traktoreak bilakatzeko", esan du.

0-3 urte bitarteko haurrak

Bere aldetik, Nerea Undabarrenak EH Bilduren proposamenek 0 eta 99 urte bitarteko pertsonei zuzendutako hezkuntza hizpide dituztela adierazi du. Horrela, zehaztu duenez, mozioetako batean, 0-3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako hezkuntza-espazioak sortzea proposatzen dute.

Azaldu duenez, espazio horietan, pertsona adituen dinamizazioarekin, familiek 0-3 urte bitarteko haurrekin denbora, jolasa eta sozializazio-espazioak partekatuko dituzte, haurraren eta erreferentziazko figuren (kasu askotan aita edota ama) arteko lotura eta atxikimendua sustatuz.

Edozein kasutan, adierazi duenez, espazio horien helburua hazkuntzan laguntzea eta loturak sortzeaz gain, haratago doa, izan ere, komunitatea sortzen eta babes egitura komunitarioa indartzen lagunduko lukete. "Familien artean hazkundeari buruzko esperientziak trukatzean, laguntza-sare komunitarioak sortzen dira. Sare horiek oso garrantzitsuak dira ongizaterako eta zaintzarako, eta, gainera, kalteberatasun-egoerak detektatzeko aukera ematen dute"", azaldu du.

Espazioei dagokionez, Haurreskolak Partzuergoaren eraikinak, Udaltegiak… erabili ahal izango liratekela esan du Undabarrenak. "Proiektu hau errekurtso unibertsal gisa planteatzen da, testuinguru familia anitzetara egokitzen dena, hezkuntza sistema komunitarioaren parte", azpimarratu du.

Esperientzia eskola

Bestalde, adineko pertsonei zuzenduta, Esperientzia Eskola proiektua martxan jartzea proposatzen dutela jakinarazi du EH Bilduko zinegotziak, lan mundua utzi ondoren, esperientziak lantzeko, trukatzeko eta ezagutza berriak barneratzeko proiektua, hain zuzen ere.

Undabarrenaren esanetan, helburua parte-hartzaileen garapen pertsonala sustatzea da, ikuspegi fisiko, psikiko eta sozialetik. "Kolektiboak tokiko eremuan eta gizartean eragiteko duen gaitasuna ere lantzen da, eta hori guztia errealitate soziala aztertzeko eta interpretatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskainiz", esan du.

EH Bilduren zinegotziak esan duenez, azken finean,  Esperientzia Eskolak "prestakuntza-eredu berri batean kokatzen gaitu: parte-hartzaileen ikaskuntza eta esperientzia propioa lantzeko helburuarekin, hausnarketan eta bizitzan zeharreko praktika errealetan oinarritutako prestakuntza-eredu parte-hartzailea bihurtzea du misio".