AKTUALITATEA


| 2021-12-02 12:19:00

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaileak, COVID-19ak eragindako ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko formula berriak bilatu behar direla aldarrikatu du gaur; izan ere, EAJ_PSE udal gobernuak joan den astelehenean 2022rako onartu zuen aurrekontuak “ez du ez neurri estrukturalik ez nahikorik jasotzen hirian ditugun beharrei aurre egiteko”. Horrela, Bilbon “berreskurapenaren aldeko itun” bat egiteko eskatu du, “aurre egin behar dizkiegun erronkei erantzuteko eta kaltetutako pertsona, familia eta sektore guztiei laguntzeko anbizio handiko neurriak hartuko dituena”.

Goirizelaiak zehaztu duenez, onartutako aurrekontuak “ez dio erantzuten egungo egoerari: 23.780 langabe daude hirian, arrakala digitala eta hezkuntza arrakala  zabaltzen ari dira, eta pobrezia-egoera gogorrak daude”. Testuinguru horri aurre egiteko, egoera soziosanitarioak oso kezkagarria izaten jarraitzen duen honetan, esan duenez, “berreskurapenerako benetako tresna izango den aurrekontua behar genuen, baina EAJ-PSE alderdiek uko egin diote horri, eta berriro bidali gaituzte Bilbao Aurrera Planera”.

Bere ustez, “une honetan ez du zentzurik pandemiaren ondorioei aurre egiteko Bilbao Aurrera Plan berri bat planteatzea, premiazko premia batzuei aurre egiteko sortu baitzen, aurreikusi ezin zen egoera baten ondorioz, eta une honetan egoera eta horren ondorioak aski ezagunak dira”.

Goirizelaiak nabarmendu duenez, “agerikoa da Bilbon lehenbailehen behar ditugula COVIDaren ondorio sozio-sanitarioei aurre egiteko neurriak, eta, alde horretatik, aurrekontuarekin aukera bat galdu dela kontuan hartuta, formula berriak lehenbailehen bilatzeko eskatu du, gure hirian inor ez dadin atzean geratu”.