AKTUALITATEA


| 2021-09-24 12:32:00

EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du Bilbon hutsik dauden etxebizitzei buruzko neurriak hartzeko eskatuz, bere funtzio soziala beteko dutela ziurtatzeko.

Horrela, Gobernuari eskatzen dio bere gain har ditzala Etxebizitzaren Legeak esleitzen dizkion eginkizunak, duela gutxi onartutako 149/2021 Dekretuaren bidez, eta has dadila hutsik dauden etxebizitzak deklaratzeko espedienteei hasiera ematen, horretarako beharrezkoak diren azterlanak eginez.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, Bilbon 10.000 pertsona inguruk, horien herenak 35 urtetik beherakoak, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskatzen dute, Udal Etxebizitzek argitaratutako azken memoriak jasotzen duen bezala. Bien bitartean, Bilbok 8.000 etxebizitza huts ditu, Bilboko Udalaren etxebizitza hutsen azken inbentarioaren arabera.

“Datu horiek erakusten dute premiazkoa dela etxebizitza hutsei dagozkien neurriak hartzea, administrazioen eskura dauden tresna guztiak aplikatuz, etxebizitzaren funtzio soziala betetzen dela ziurtatzeko”, azpimarratu du.

Ildo horretan, 2015eko Etxebizitzaren Euskal Legeak etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa jasotzen duela azaldu du, haren funtzio soziala betetzeko beharra ezarriz.

Gaineratu duenez, Legeak udala etxebizitza hutsaren deklarazioa ebazteko organo eskudun gisa izendatzen du, eta hark "hutsik deklaratutako etxebizitzen nahitaezko alokairua ezarri ahal izango du, soilik urtebetera hutsik mantentzen diren jenderik gabeko deklaratutako etxebizitzen kasuan”.

Fatuartek adierazi duenez, sei urte luze igaro behar izan dira joan den ekainaren 18an argitara eman zedin, azkenik, 149/2021 Dekretua, jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzkoa.

Baina hori gauzatzeko, EH Bilduko zinegotziak adierazi du Udal Gobernuak "berehala hartu behar dituela bere gain Legeak esleitzen dizkion funtzioak, etxebizitza huts deklaratzeko espedienteak ezarritako prozeduraren arabera izapidetzen hasi ahal izateko, horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak, materialak zein giza baliabideak, bideratuz".