EH Bildu udal taldeak Bilboko Done Jakue elizpea auzotarrentzat zabaltzeko dagokion kudeaketa egiteko eskatu dio Udal Gobernuari, jakinda, Alde Zaharrean estalitako plaza bakarra dela eta barrutiko bizilagunen aspaldiko aldarrikapena dela. Eskaera hori egiteko, Nerea Undabarrenak EH Bilduko zinegotziak jakinarazi duenez, martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu dute.
Undabarrenak adierazi duenez, Zazpi kaleetan ez dago estalitako plaza bat ere ez, Plaza Berriko portikoak dira euria egiten duenean haurrekin kalean egoteko leku bakarra, tabernaz eta turistaz inguratutako esparrua, hain zuzen ere. "Bilbon, bataz-beste, urtean 125 egunetan euria egiten du eta horrek, zalantza barik, leku estali baten beharra areagotzen du", azaldu du.
Horrela, zinegotziak gogorarazi duenez, EH Bilduren aspaldiko eskaera da Done Jakue katedralaren arkupea bizilagunek erabili ahal izateko zabaltzea, izan ere, hainbat kanpaina abiarazi ditu helburu horrekin eta jada 2016an Ibaiondoko barrutian mahai gaineratu zuen. Alde Zaharreko bizilagunek ere denbora luze daramate aldarrikapen hau egiten, auzoarentzat garrantzitsua baita toki hori erabili ahal izatea.
Undabarrenak esan duenez, "gaur egun Eliza eta bestelako erakundeen artean (Mujika eskolako hezkuntza komunitatea, kasu) portikoa erabiltzeko akordioak lortu izan direla jakinda, Udal Gobernuak pausoak eman behar ditu eta beharrezko kudeaketak egin, elizpearen erabilpena auzoarentzat bermatzeko". "Espero dugu udal gobernuak borondate politikoa agertzea eta gure proposamena onartzea, behingoz, Alde Zaharreko bizilagunen eskaerari erantzuna eman ahal izateko", nabarmendu du.