Bilboko Zorrotza auzoa eta Barakaldoko Burtzeña auzoa lotzen dituen Kadagua ibaiaren gaineko N-634 errepidean dagoen Burtzeñako zubiaren oinezkoentzako gunea estaltzeko eskatu du berriro ere EH Bilduk, zortzi urtetan konpromisoa bete ez delako. Alderdi soberanistak eskaera hori helarazi die bai Bilboko Udalari mozio baten bidez, bai Barakaldoko Udalari, galde-eskeen bidez.
Horrela iragarri dute gaur Barakaldoko eta Bilboko zinegotziek, Maria Solarrek eta Patxi Xabier Fernandezek, hurrenez hurren, elkarrekin egindako agerraldian. Bi udalerrietako bizilagunekin dagoen "zor historikoa" dela gogorarazi dute. "Ekimen hau berriro aurkeztuko dugu, bi udalek 2016an eta 2020an hartutako konpromiso hori bete ez delako, EH Bilduk Barakaldoko eta Bilboko Udaletan aurkeztutako ekimenen ondorioz ere", adierazi du Fernandezek.
Ildo horretan, gogoratu duenez, "2024an gaude eta oraindik ez da zubi hori estali, nahiz eta funtsezkoa izan bi norabideetako bizilagunentzat”. "Zorrotzatik familia askok Burtzeñako ikastetxeetara eramaten dituzte seme-alabak, eta alderantziz, jende asko joaten da Burtzeñatik Zorrotzara, kiroldegira edota erosketak egitera", azaldu du.
Fernandezek azaldu duenez, Bilboren kasuan, EH Bilduren ekimenez, Udalak konpromisoa hartu zuen 2020an Burtzeñako zubiaren gaineko eskumenak dituzten gainerako administrazio publikoekin batera oinezkoentzako eremua estaltzeko alternatibak eta bideragarritasuna aztertzeko, baina "ez da ezer egin horren inguruan".
Bestalde, Maria Solarrek adierazi duenez, "ez dago aitzakiarik, ezta argudiorik ere, bi herrietako bizilagunen egunerokotasuna erraztuko lukeen obra hau ez egiteko". Bere esanetan, zubiaren Barakaldoko partea Udalari ez lagatzea, "ezin da aitzakia gisa erabili, obra ez egiteko".
"Borondate politikoa falta da"
Solarrek gogorarazi duenez, 2016an, EH Bilduk proposamen hori aurkeztu zuenean, EAJren Barakaldoko bozeramailea harro agertu zen "beste erakunde batzuekin sintonia onean" lan egitea gustatzen zitzaielako, Foru Aldundiari erreferentzia eginez. "Bada, zortzi urte igaro dira, eta sintonia on hori ezerezean gelditu da. Beraz, argi dago EAJk eta PSEk ez dutela borondate politikorik Burtzeñan eta Zorrotzan akordio instituzionala betetzeko ", gaineratu du. Nolanahi ere, ziurtatu du EH Bilduk ez duela etsi, eta konponbideak eskatzen jarraituko duela, zubiaren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.