AKTUALITATEA


| 2021-03-17 12:02:00

EH Bildu udal taldeak, espedientea kontsultatu eta BAM Magisteritza Eskola eraisteko lizentzia berehala emango dutela egiaztatu ostean, azalpenak eskatu dizkio gobernu taldeari. Ildo horretan, Asier Abaunza Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziaren, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziaren, eta Alfonso Gil Mugikortasun, Ingurumen, Hiri berroneratze eta Garapen Osasungarriko zinegotzi koordinatzailearen agerraldia eskatu du; izan ere, gai horrek hirigintzaren eremua gainditzen du, Cervantes ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen hezkuntza-eremuari eta osasunari ere eragiten baitie. 

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "etsipenez eta kezkaz" ikusten du "beste behin ere, haurren osasunerako eskubidea ez dela Udal Gobernuaren lehentasuna, konstruktoraren, Gotzaitegiaren eta Mutualiaren interes pribatuak lehenesten baititu". 

"Aldiz, Cervantes ikastetxeko hezkuntza-komunitatea eta inguruko herritarrak babesik gabe agertu dira Udal Gobernuaren jarreragatik, ez baitu entzun eraisketa hori geldiarazteko eskaera, pandemiaren egungo testuinguruan dituen ondorioengatik", adierazi du.

Fatuarteren ustez, "beharrezkoa" da Udal Gobernuak horri buruzko azalpenak ematea eta, besteak beste, eraisteko asmoa duen eraikinean amiantorik dagoen ala ez argitzea, amiantoa kentzeko lanek hezkuntza-komunitate osoari eta inguruko herritarrei ekar liezaiekeen arriskua kontuan hartuta.