AKTUALITATEA


| 2024-07-19 07:35:00

Maria del Rio EH Bilduko bozeramailearen esanetan, "oso modu aldartetsuan egindako proiektua da, maketan ondo geratzen bada ere, benetako bizitzan arazoak sortzen dituena".

Ezohiko bilkuran Zorrotzaurreko Plan Bereziaren aldaketa onartu ostean egin ditu Maria del Riok adierazpenok. Ildo beretik, “Zorrotzaurren eta Deustuko Erriberan planteatutako eraldaketa agortutako hiri eredu batean oinarritzen dela” gehitu du, “Plan Berezia onartu zenetik hamarkada bat igaro denean eta Zaha Hadiden proiektua aurkeztu zenetik ia bi hamarkada igaro direnean, Udal gobernuak adabaki ugari jarri behar izan ditu etengabe sortzen ari diren arazoei aurre egiteko, eraikuntza prozesua oraindik ia hasi ez denean", azpimarratu du.

Bestalde, proiektua bera "zaharkituta" dagoela esan du Del Riok, "proiektuak logika urbanistiko zaharkitu bati jarraitzen diolako". Horren ildotik, adibide gisa jarri du uhartean eraiki beharreko etxebizitza kantitate handiegia: "Bilboko Manhattan proiektuaren fetitxeak ez ditu kontuan hartzen jada existitzen den auzo baten beharrak – Deustuko Erribera- eta, oro har, bilbotarren beharrak".

Azkenik, Maria del Riok bizilagunen kezkak partekatu nahi izan ditu: “Besteak beste, espazio publiko eta berdegune ezaren aurrean, dauden etxebizitza eraikinak dorre berrien artean ezkutatuta geratzearen arriskuaren aurrean eta zonaldea turistifikatzeko arriskuaren aurrean, auzoari ziurtasunak emateko garaia iritsi dela” aipatu du.