AKTUALITATEA


| 2026-02-04 09:41:00

Eskolen fusio edo itxieren ordez, bestelako neurrien beharra aldarrikatu du EH Bilduk: ratioak jaistea, euskalduntzean sakontzea, eta egun zentroetan dauden proiektu pedagokikoak sustatzea.

Deustuko eskola publikoaren eta ikastolaren fusioari dagokionez Hezkuntza Sailak izandako jarrera salatu du EH Bilduk, izan ere, "gardentasun falta nagusi izan da eta, zalantza barik, goitik behera inposatutako prozesua izan da, korrika eta presaka egindakoa, alegia". Prozesu horretan ez dela ikuspuntu pedagogikoa kontuan hartu ezta Deustuk dituen beharrak ere ez", gaineratu du Ikoitz Arresek EH Bilduko legebiltzarkideak.

Jaiotza tasaren beherakadaren aurrean, hezkuntzan eta hezkuntza proiektuetan "gehiago inbertitu beharrean", Arreseren esanetan, Hezkuntza Sailak "baliabideen optimizaziora jotzen du, Deustuko kasuan, bi zentroak batuz".

Irtenbide hori, EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, "ez da, inondik inora, egokiena eta, are gutxiago, egin den moduan". "Gauzak horrela eginda ez diogu aurre egingo segregazio egoerari", ohartarazi du. Horrela, bestelako neurrien beharra aldarrikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, besteak, beste, ratioak jaistea, euskalduntzean sakontzea, eta egun zentroetan dauden proiektu pedagokikoak sustatzea.

Aipatu neurri horiek martxan jartzeko "benetako apustua egitea" eskatu dio Arresek Hezkuntza Sailari, inbertsio handiagoekin". "Eskolen fusioak edo itxierak ez dira konponbidea, politika ausartak behar ditugu kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko, beti ere inplikatutako eragile guztiekin kontrastatuta eta adostuta".

Auzoetako pultsua

Bere aldetik, Maria del Riok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, eskolek hezkuntzaz haratago duten garrantzia azpimarratu du, "auzoak dinamizatzeko trakzio-elementuak baitira, jendea biltzen den espazio naturalak, gure auzoen pultsua, alegia".

Ildo horretan, gogorarazi duenez, EH Bildutik hainbat proposamen egin dituzte hiriko eskola publikoak dinamizatzeko helburuarekin. Esate baterako, azaldu duenez, azaroan, alderdi soberanistaren ekimenez, "Bilboko Udalak konpromisoa hartu zuen  sortzen diren haurreskola plaza berriak ixteko arriskuan egon daitezken haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeen udal eraikinetan jartzeko. Horrela, itxierak saihestuz".

"Bi hilabete pasa dira akordio hori lortu genuenetik eta Hezkuntza Sailak, Deustuko eskola eta ikastolaren fusioarekin batera, Bilboko Tomas Camacho eta Orbegozo Ingeniaria zentroen itxiera iragarri du eta Bizkaiko beste hainbat eskolena baita ere", deitoratu du.

Bilbon 0-2 urteko eskaintza publikoa handitzeko dagoen beharra dela eta akordio egingarria zela adierazi du Del Riok, itxierak saihesteko "aukera bat galdu dela" gaineratuz.

Del Rioren ustez, gertaera hauek agerian uzten dute "zein garrantzitsua den Bilboko Udal Eskola Kontseiluan talde guztiek ordezkaritza izatea, gobernantza kooperatiboa bermatzeko eta hiriko hezkuntza-esparruko erronkei aurre egiteko erabakiak hartzeko gaitasuna izateko baita ere".

"Horrela proposatu zuen EH Bilduk martxoan aurkeztutako mozio baten bidez, baina udal gobernuak ezetz esan zuen, parte hartzeari, gardentasunari eta demokratizazioari ateak itxiz", nabarmendu du.