AKTUALITATEA


| 2021-07-08 14:36:00

Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko bozeramailea pozik agertu da Bilbok uda honetan barrakak izango dituelako, pandemiagatik egoera larrian dauden ferianteei lan egiteko aukera emango dielako. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “EH Bilduk uda honetan barrakak izateko mozio bat aurkeztu ondoren, Osoko Bilkuran akordio bat lortu genuen eta Udal Gobernuak atrakzioak instalatzeko konpromisoa hartu zuen, osasun-neurriak bermatuz”.

Goirizelaiak azaldu duenez, EH bilduko ordezkariek ferianteen sektorearekin bilera egin zuten, eta, horretan, dituzten zailtasun ekonomikoak azaldu zizkieten, urte eta erdiz lanik eta diru-sarrerarik gabe egon ostean. Horrela, alderdi subiranistak mozioa aurkeztu zuen Osoko Bilkuran, eta akordio batera iritsi zen gobernu taldearekin. Akordio horri esker, "Bilboko barruti guztiek barrakak izango dituzte abuztuaren 16tik 31ra, guztira 40 barraka gutxi gorabehera, eta, aldi berean, jai batzordeek hala eskatzen dutenean, barrakak jarri ahal izango dira, betiere aipatutako egunetatik kanpo".

Adibidez, une honetan, eta Santutxuko jai batzordearen lanari esker, auzo honek barrakak ditu, ferianteek lan egiteko aukera dute, eta haurrek eta helduek, berriz, gozatzeko aukera.

EH Bilduren Bilboko bozeramaileak adierazi duenez, "badakigu  ferianteen sektorerako ez dela eszenatokirik egokiena, Etxebarria parkean ezin izango baitute azoka-gunea erabili, baina akordioak aukera emango die uda honetan Bilbon lan egiteko, eta EH Bilduk euren defentsan lan egiten jarraituko du".

Azkenik, gogorarazi duenez, EH Bilduren ekimenez, Bilbao Aurrera Planaren baitan, azoka-esparruen instalazioarekin lotutako tasa espezifikoak % 95 jaistea adostu da, sektore horri laguntzeko.