AKTUALITATEA


| 2020-01-24 10:42:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat egiten du “erabaki politikoen erdigunean bizitzak jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe”. Jone Goirizelaiak, EH Bilduko Bilboko bozeramaleak azaldu duenez,  “bilbotarrok arrazoi asko dauzkagu greba egiteko”.

 

“Bilbon 2019ko urrian erroldatutako 345.821 pertsonako 22.671 langabe zeuden, populazioaren % 13,38, hain zuzen ere, eta 3.451 dira langabezian dauden gazteak. Azken hamar urteetan pobrezia erreala Bilbon 7,6tik 10,1 puntura pasa da, ia hiru puntu handituz, eta ongizate errealaren falta 13,8tik 18,5era igo da, hots, bost puntu”, adierazi du. Bitartean, gaineratu duenez, “hileroko alokairua Bilboko hiru gelako etxebizitza batean 900 eta 1.200 euroren artekoa da eta batezbesteko errenta urteko 27.627,3 eurokoa”.

 

Horrez gain, EH Bildu Bilboko bozeramaleak adierazi duenez, grebarako arrazoiak argi gelditzen dira “Bilboko mugimendu feministaren aldarrikapenetan eta eraso matxistak salatzeko egiten dituzten kontzentrazioetan, baita ere udaleko azpikontratetako langileen mobilizazioetan, lan eskubide duinen alde.”

 

Era berean, Goirizelaiak gogoratu duenez, pentsiodunek bi urte daramatzate astelehenero mobilizazioak egiten Bilboko Udaletxe aurrean, “greba orokorra egitea ezinbestekoa da pentsio sistema publikoa defendatzeko, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzeko, 1.080 euroko gutxieneko edota eros-ahalmena legez bermatzeko”.

 

Horregatik guztiagatik, EH Bildu Bilbo bozeramalearen esanetan, “eskubide sozialak aldarrikatu behar ditugu, zerbitzu sozialean sistema publiko, unibertsal eta doakoa, hain zuzen ere”. “Hori lortzeko mobilizazioa ezinbestekoa da eta horregatik EH Bildu Bilboko udal taldeak greba orokorrarekin bat egiten du”, azpimarratu du.

 

Osoko Bilkura

Jone Goirizelaiak adierazi duenez, urtarrilaren 30ean, greba orokorraren egunean, Bilboko Udalean Osoko Bilkura deituta dago eta, horregatik, EH Bilduk Bilboko alkateari, Juan Mari Aburtori, data aldatzea eskatu zion.  

“Nahiz eta beste toki batzuetan Osoko Bilkuraren data aldatu duten greba eskubidea errespetatzeko, Bilbon Aburtok eskaera ez du onartu; izan ere, Aburtok bizkarra ematen die greba orokorrean Bilboko hiritarrek egiten dituzten aldarrikapenei”, kritikatu du EH Bildu Bilbo udal taldeko bozeramaleak.

Goirizelaiaren esanetan, “Osoko Bilkuraren data egun bat aurreratzeak edo atzeratzeak ez luke inolako eragozpenik sortuko; esate baterako, Donostiako Udalean, EH Bilduko udal taldeak eskatuta, gainerako udal taldeek onartu dute eta urtarrilaren 30erako deituta zuten Osoko Bilkuraren data aldatu dute; baina Aburtok berriro ere bere izaera autoritarioa agertu digu eta argi utzi digu ez duela inolako borondate politikorik greba eskubidearen alde egiteko”.

Hori dela eta, EH Bildu Bilbo udal taldeko zinegotziak Osoko Bilkurarako aurreikusita zituen gaiak erretiratuko ditu eta puntu bakar baten eztabaidan egongo direla aurreratu du Goirizelaiak, HAPOren eztabaidan, hain zuzen ere.

“Puntu honetan beharrezkoa deritzogu Osoko Bilkuran egotea, gai guztiak garrantzitsuak izanik, gainerakoak beste Osoko Bilkura batzuetara eraman ditzakegu, baina HAPOren kasuan,  epe luzean Bilboko hiri eredua baldintzatuko duen plangintzaz ari gara eta urtarrilaren 30eko Osoko Bilkuran herritarrek eta elkarteek aurkeztutako alegazioak eztabaidatuko dira”, azaldu du EH Bildu Bilbo taldeko bozeramaleak.

Hortaz, EH Bildu Bilbok urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egingo du eta Osoko Bilkurako puntu bakarraren eztabaidara joango da, “zoritxarrez, Aburtok, data aldatu nahi izan ez duelako”.