AKTUALITATEA


| 2021-04-22 10:52:00

EH Bildu udal taldeak babesa eta elkartasuna adierazi die enplegu publikoa sortzearen, aldi baterako enplegua finkatzearen eta hori pairatzen duten aldi baterako langileak sendotzearen aldeko greba egiten ari diren Udaleko langileei. 

EH Bildu udal taldeak salatu duenez, Bilboko Udalean ere aurrera egiten ari dira herritarrentzat funtsezkoak diren zerbitzu publikoak desegiteko eta pribatizatzeko bidean, eta adibide gisa aipatu ditu basozaintzako zerbitzua, SAMUR udal anbulantzia 010 eta Etxez Etxeko laguntza zerbitzua. 

Gainera, esan duenez, Udal Gobernuak (EAJ-PSE) prekarietatea sustatzen du egiturazko lanpostuak aldi baterako enplegu planen bidez betez, eta bitarteko 400 langile baino gehiago daude Udalean. "Era berean, Udalak aholkularitza pribatuak kontratatzen ditu LPZak baloratzeko eta proposatzeko, eta horrek gardentasun falta dakar benetako lan beharrak aztertzerakoan", gaineratu du.

Hori dela eta, EH Bildu Bilbok adierazi duenez, langileekin batera lan egingo du zerbitzu publikoak hobetzeko, izan ere, salatu duenez, Udalean “aplikatzen ari diren politikek zerbitzu publikoak pribatizatu eta ahultzen dituzte, enpresa pribatuei mesede eginez eta  zerbitzuaren kalitatea eta langileen baldintzak okertuz”. "Zerbitzu publikoen alde, enplegu publikoa sortzea eta finkatzea!"