AKTUALITATEA


| 2019-09-17 12:31:00

Irailaren 26ko Osoko Bilkuran 2020. urteko ordenantza fiskalak eztabaidatu eta bozkatuko dira, herritar guztiengan eragin garrantzitsua duen gaia. Bilbok fiskalitate justuagoa eta progresiboagoa behar du eta, zoritxarrez, EAJk eta PSEk egindako proposamena ahalmen ekonomiko txikiena duten bilbotarren kalterako izango da; izan ere, zergen zama bilbotar guztien gainean jartzen du eta, aldiz, enpresa handiak saritzen ditu.

Egoera horri buelta ematen ahalegintzeko, EH Bildu Bilbok 17 emendakin aurkeztu dizkiegu ordenantza fiskalei. Gure helburuak, besteak beste, honakoak dira: ohiko tasak ordaintzeko larri dabiltzan pertsonei laguntzea, ordena erlijiosoei pribilegioak ezabatzea, eta tokiko komertzio txikiari eta langile autonomoei lotutako jarduera ekonomikoa sustatzea.

Bestalde, Zorrotzaurreko irla paradisu fiskal bihurtu nahi du Udal Gobernuak, eta horren kontrako emendakina aurkeztu dugu. Izan ere, enpresa handien irabazi asmoa kontuan hartu gabe onura garrantzitsuak eskaini nahi dizkie Aburtoren taldeak.

Azken finean, bilbotarron eguneroko bizitza hobetzeko neurriak proposatzen ditugu guk, eta ahalmen handiena duenak ordain dezala beretik.

Neurrien artean, etxebizitza hutsek %25eko errekargua izan beharrean %50ekoa izatea eskatzen dugu, etxebizitza parkearen alokairua azkartzeko.  Ildo horretan, begi onez ikusi dugu aurten EAJk gure iazko proposamena onartu izana, dependentzia egoeran dauden pertsonek halabeharrez ezin dutenean euren etxean bizi, Ogasun Higiezinaren ganeko Zergatik (IBI) salbuestea alegia.

Baina guk harago joatea eskatzen dugu eta menpeko egoeran dauden  pertsona guztiak kontuan hartzea: bai zahar-egoitzan baita zentro mediku zein psikiatrikoan bizitzera behartuak daudenek ere, gain ordainketarik ez ordaintzea proposatzen dugu. 

Egoera oso estuan bizi diren bizilagunen zama fiskala arintzeko xedearekin, zaborren eta estolderiaren tasen kasuan, errentaren araberako tasen zehaztapenerako sistema proposatzen dugu, sarrera txikienak dituztenei oinarrizko zerbitzuak bermatu behar baitzaizkie.

Horrez gain, ingurumenaren zaintzarekin kontzientziatuta dauden herritarrak saritu behar direla uste dugu eta, ildo horretan, bosgarren edukiontzia erabiltzen duten pertsonei bonifikazioa aplikatzea eskatzen dugu 2020. urtean; izan ere, jadanik edukiontzien sarea osatuta dago Bilbo osoan eta aurrera pausoak egiten jarraitu behar genuke.

Bestalde, Zorrotzaurreko Eremu Mixtoan egin nahi diren hirugarren erabilerako eraikuntza berriei Udalak inolako zerga onurarik ez aplikatzeko  emendakina aurkeztu dugu, izan ere, badirudi batzuek Zorrotzaurreko irla paradisu fiskal  bihurtu nahi dutela, zergak ia desagerrarazten. EH Bilduk zera defendatzen du: hezkuntza publikoa balioetsi behar dugula esparru publikotik, esparru pribatuko beste jarduera akademikoak saritu barik.

Paradisu fiskalei jarraiki, Estatu Españolak eta, bere eskutik, Bizkaiko Foru Aldundiak edozein jarduera zerga ordaintzetik salbuetsi nahi ditu UEFA Euro 2020rekin harremana daukaten jarduerak. Horren aurrean, Bilbon jarduera ekonomikoa egingo duten enpresek dagozkien zergak derrigor ordaintzeko  mozioa ere proposatu dugu Bilboko Udalean.  

Aipatutako horiek guztiak eta beste batzuk dira ordenantza fiskalei egindako mozioetan jasotzen ditugunak. Fiskalitatea oso garrantzitsua da herritarrentzat eta ezinbestekoa da bilbotar guztien beharrizanak kontuan hartzea ordenantza fiskalak lantzerako orduan; izan ere, EH Bildurentzat lehentasuna herritarrak eta euren beharrizanak dira.

proposatubilbo@ehbildu.eus

Horri lotuta esan behar da, gero eta herritar gehiago direla fiskalitateari buruz eta bestelako gaiei buruz euren beharrizanak, ekarpenak, iritziak, kezkak edota proposamenak helarazten dizkigutenak. EH Bildu Bilboko bulegoko ateak zabalik daude herritarrentzat: lehen, orain eta beti. EH Bilduko zinegotziok herritar guztiak animatu nahi ditugu euren proposamenak egitera, bilbotarron egoera hobetzeko helburuarekin.

Horrela, EH Bildu Bilbotik proposamenak helarazteko bideak erraztu nahi dizkizuegu herritarroi. Horretarako, proposatubilbo@ehbildu.eus helbide elektronikoa jarri dugu martxan. Horren bidez, zuen ekarpenak helarazteko edo hitzordua hartzeko aukera izango duzue, aurrez-aurre EH Bildu Bilboko zinegotziekin egon eta gairen bat zuzenean jorratu nahi baduzue, gurekin elkarlanean.

Inork sentitzen badu herritarren eta zinegotzien arteko distantzia handia dela, animatu nahi zaituztegu aurrera pausu bat eman eta gurekin harremanean jartzera.

Hortaz, interesa duzuen guztiok zuen proposamenak helaraztera edota hitzordua hartzera animatzen zaituztegu proposatubilbo@ehbildu.eus helbide elektronikoaren bidez.