AKTUALITATEA


| 2020-03-19 11:43:00

Koronabirusaren krisiaren aurrean, EH Bildu Bilbo udal taldeak egoerari erantzukizunez aurre egiteko konpromisoa adierazi du hasieratik, elkarlanean udal gobernuarekin arituz eta auzolanean, egoeraren larritasunari aurre egiteko borondatea erakusten ari diren guztiekin. “Udal taldetik behin behineko neurriak proposatzeaz gain, bilbotarrek helarazi dizkiguten ekarpenak mahai gaineratzen ari gara, guztion artean krisi honen ondorioei aurre egiteko”, adierazi du EH Bildu Bilbok. 

Ildo horretan, hainbat izan dira EH Bildu udal taldeak proposatutako neurriak, beti ere bizitza eta zaintza arloa erdigunean jarriz. Hortaz, Bilboko Udalaren lehentasuna egoera ahulenean dauden pertsonak babestea izan behar da: pertsona nagusiak, haurrak, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak edota etxerik gabeko pertsonak. Egoera honetan Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuak duen garrantzia kontuan hartuta, jarraipen zehatza egitea eskatu du EH Bilduk, segurtasun neurri guztiak bermatze aldera, langile zein erabiltzaileen osasuna babesteko. 

Azkenik, krisi honen ondorio sozioekonomikoak denbora luzekoak izango direla aurreikusita, ekonomikoki kaltetuak izango direnei, eta bereziki krisiaren aurretik zaurgarritasun egoeran zeuden pertsonei zuzendutako neurriak mahai gaineratzen ari da Bilboko EH Bildu. “Elkarlana eta auzolana sustatzea, ekarpenak egitea eta adostasunetara heltzea berebizikoa da, guztion artean Koronabirusaren eraginez bizi dugun ezohiko egoerari buelta emateko”, azpimarratu du udal taldeak. 

Horrez gain, Bilboko EH Bildu taldeak herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie, ezarritako neurriak betetzeagatik, eta egoera zaurgarrian daudenei laguntzeko prestutasuna agertzeagatik. “Eredua zarete, guztion konpromisoari esker, egoera honetatik indartuta aterako gara”, azpimarratu du EH Bildu Bilbok. 

Azkenez, bilbotarrek euren ekarpen, iritzi edota galderak proposatubilbo@ehbildu.eus helbide elektronikoaren bidez EH Bildu udal taldeari helarazi ahal dizkietela gogoratu du. “Guztion ekarpenak dira garrantzitsuak”.