AKTUALITATEA


| 2021-06-24 11:15:00

Asier Gonzalezek, EH Bilduko zinegotziak, adierazi duenez, alderdi soberanistaren ekimenez, Bilboko Udalak “memoria kolektiboaren beste pieza bat josiko du Solokoetxe auzoko Zabalbide kalean dagoen hegazkinen aurkako babesleku bat seinaleztatuz eta testuinguru historikoa adieraziz.

Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko zuzenketa onartu ostean hartu dute erabakia, talde subiranistaren mozio baten ondorioz.

Gonzalezek gogoratu duenez, joan den ekainaren 19an, 84 urte bete ziren Faxistak Bilbora sartu zirenetik. “Faxistak sartu ziren Otxandio, Durango, Gernika bonbardatu ostean. Faxistak sartu ziren Bilboko herritarren kontra hainbat egunez bonbak jaurti ostean”, adierazi du.

Bere esanetan, “gaur egun oraindik hainbat Bilbotarren memorian dago garai hartan bizi izan zutena; umeak ziren orduan, eta barkuz edo oinez Bilbotik alde egin behar izan zuten. Bonbetatik babestu ziren, trenbideen tuneletan, etxeko sotanoetan, edo mehategietan”.

EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, “Bilbo aitzindarietako bat izan zen abioien kontrako babeslekuak prestatzen, zibilen kontrako gerra modu berria sufritzen lehenengotarikoak izan baikinen euskaldunak Europa mailan”.

Ildo horretan, babesleku hauen berri Bilboko hainbat bizilagunek eman dietela esan du, “bakoitza era batera gogoratzen da babeslekuez, izan ere, hirurogeigarren hamarkadan, auzoko umeak jolastera sartzen ziren tunel horietara”.

Asier Gonzalezek azpimarratu duenez, gaurko ekimenari esker, “frankismoaren aurkako oroimen kolektiboaren atal bat berreskuratuko dugu, Solokoetxe auzoan, Zabalbide kalean, bonben kontrako pasabideen ate bateri protagonismoa emanez eta testuinguru historikoa azalduz”. “Akordio honekin pauso bat emateko dugu memoriaren transmisioa indartzeko bidean,  memoria hori herritarren arteko ahozko transmisiora  mugatu ez dadin”, azpimarratu du.