AKTUALITATEA


| 2021-05-07 12:12:00

Bilboko Udalak Euskal Tranbide Sareari (ETS) metroaren 4. linearen ibilbidean Kastrexana eta Santa Agedako FEVEren geltokiak sar ditzala eskatzeko proposatu du EH Bilduk maiatzeko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio batean. 

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez ETSk proposatutako eta parte hartze prozesuan eztabaidatutako 4. linearen trazadurak baliabideak optimizatzen ditu, lehendik dauden lineak erabiltzen baititu (FEVE), eta, horrela, metroak Bilboko hegoaldeko auzoak zeharkatuko lituzke, Zorrotzaraino helduz eta ibilbidea Irauregin (Alonsotegi) amaituz,  Enkarterri eskualdera sartzeko atea bihurtuz, hain zuzen ere. 

Hala ere, bere esanetan, gaur egun erabilgarri dauden FEVEko Kastrexana eta Santa Ageda geltokiak ez daude proiektuan jasota 4. linearen etorkizuneko metro-geltoki gisa, eta hori “Bilboko zonalde horietako bizilagunen kalterako da”, ohartarazi du.

Azaldu duenez, Kastrexanak Barakaldoko Zubileta eta Urgozo auzoekin partekatzen du lurraldea, baina geltokiak Bilbon daude. “Ulertezina da metroa geltoki  batetik pasatzea eta ez gelditzea; izan ere, gune horretako birsorkuntza demografiko eta sozioekonomikorako aukera handia galduko litzateke metroa geltoki horietan geldituko ez balitz”, esan du. 

Gainera, Zubizarretak gogoratu duenez, Zorrotzan eta Alonsotegin egindako parte-hartze prozesuetan, inguruko bizilagunek eskaera hori luzatu dute, horregaitik, “orain Bilboko Udalak egin behar du aldarrikapen hori”. Barakaldoko kasuan, gogoratu duenez,  Udalak eskatu du jadanik geltoki horiek 4. linearen etorkizuneko trazatuan sar daitezen. 

“Egokia eta beharrezkoa da Bilboko Udalak ETSri dei egitea eta publikoki adieraztea Kastrexanako eta Santa Agedako geltokiak ere 4. linearen proiektuaren parte izan behar direla, horregatik akordio bat lortzea espero dugu”, nabarmendu du.