AKTUALITATEA


| 2023-05-18 17:17:00

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako ekitaldi nagusia egin du EH Bilduk maiatzaren 17an. Gorka Artola egungo alkate eta hurrengo legealdirako alkategaiak eta EH Bilduko mahai politikoko kide Larraitz Ugartek Bergararako zein Gipuzkoarako proposamenak aurkeztu dizkiete ekitaldira hurbildu diren herritarrei. 

Gorka Artolak erronkari arduratik eta herriarekiko konpromisoagatik heldu diola esan du, eta hurrengo legealdirako erronken inguruan ere hitz egin du. Herri Programan jasotako proiektu nagusien inguruan aritu da. Esaterako, Arrizuriagan kultur ekosistema eta emakumeen etxea sortzeaz, zaintzaz, Elementalerako duen proposamenaz...

Biek nabarmendu dute EH Bilduren egiteko modua, partekatutako Gobernantza eredua. “Desanimoaren aurrean guk esperantza; gauzak aldatu ezin direnaren aurrean, guk indar kolektiboa eta soluzioak. Eta hau frogatu dugu, badakigu nola eragin behar den gauzak aldatzeko, egin dugu, egiten ari gara hemen Bergaran, gobernatzen ditugun udaletxeetan, etorkizuna aurrez aurre begiratzen diogulako eta egoera honetatik era kolektiboan – gure izaeran hain errotuta dagoen kolektibotasun horretatik- gure irtenbideak ateak irekitzen dituelako”, esan du Ugartek. 

Maiatzaren 28an hautetsontzietan egongo diren bi eredu desberdinen artean ere jardun dute. Eta Artolak esan du maite dugun Bergara soilik EH Bilduk gidatuta egin ahal izango dela. “Botoa eskatzeko orduan atzera egin izan dugu askotan, niri ere kostatzen zait, baina oraingoan ez, orain gure gobernatzeko ereduarekin jarraitzea edo alkate jeltzale baten agintekeriaren eredu zatarrera bueltatzea dago jokoan. Eta irabazi behar dugu”, Artolaren hitzetan.