AKTUALITATEA


| 2023-04-27 20:43:00

2019an hasitako bideari jarraitu, eta lankidetza eta partaidetzan oinarritutako ereduan sakontzen jarraitu nahi du Bergarako EH Bilduk. Bergararrak -denak- ondo bizitzea helburu estrategikotzat hartuta, ongizatea hobetzea, ekonomia biziberritzea, ekintzailetasuna sustatzea, herri parekidea izatea, zaintzen duen herrirantz urrats eraginkorrak egitea, ingurumena zaintzea... lan ildo hartuta. 

 

Gaur egungo alkate Gorka Artola da taldearen lemazaina, eta apirilaren 27an Munibe plazan egindako aurkezpenean horrela definitu du ondoan izango duen taldea: “Askotariko sentsibilitateak ditugun pertsonok osatzen dugu taldea, eta horrek egiten gaitu aberats. Begirada desberdinak, baina helburu berberak ditugu. Bergara bizitzeko herri hobea izan dadin nahi dugu, eta horretan lan egiteko konpromisoak eta gogoak batzen gaituzte. Ilusioa, esperientzia, ekintzailetasuna, jakintza, bizitasuna, entzuteko prestutasuna eta beste hainbat ditugu ezaugarri”. 

 

Ekitaldian taldekideei ere zuzendu zaie Artola, eta esan die: “izugarrizko poza sentitzen dut. Indarra nabaritzen dut, grina, ilusioa eta konpromisoa. Oso eskertuta nago eman duzuen urratsagatik, oso eskertuta nago eskainitako babesagatik”. Orain zinegotzi diren eta berriz aurkeztuko ez diren kideei ere eskerrak eman dizkie. 

 

Taldeko kideen artean badaude ibilbide profesional luzekoak, eta bizi esperientzia luzea dutenak; badaude, halaber, taldeari gaztetasunaren grina, jakin-mina... emango diotenak, eta etorkizunarekin konprometituak daudenak. Kideetako batzuk bigarrenez aurkezten dira hauteskundeetara, eta Gobernuan aritutakoak dira, beraz, esperientzia hori emango diote taldeari. Beste batzuk, berriz, lehen aldiz aurkeztuko dira, eta hortaz, begirada berria ekarriko diote taldeari. Bergara bera bezala, taldea anitza da, ertz desberdinetatik begiratuta: parekidea da, jakintza eta ibilbide profesional desberdinak dituzten pertsonak dira, jatorri desberdinetakoak... 

 

Taldea aurkezteko ekitaldia izanagatik ere, aurrean izango dituzten erronkak, eta amaitzear den legealdiko jardunaz ere hitz batzuk egin ditu Artolak. “Jasotako Bergara grisari kolorea ematen aritu gara lau urteotan. Gauza asko egin ditugu, herriaren interesa ardatz. Zintzoak izan gara, gardenak, gustukoak izan ala ez erabakiak hartu behar izan ditugunean hartu ditugu, herri bizigarri bat egin nahian, bigarren eta hirugarren lerrorik gabeko herria bultzatu dugu. Periferiak erdigunean jartzen ahalegindu gara. Eta aurrerantzean ere hala izango da, horretarako konpromisoa badugu, eta hori haize berriekin egingo dugu”. 

 

 

2023-2027 legealdirako EH Bilduk Bergaran aurkeztu duen taldea: 

 

  1. Gorka Artola Alberdi. Irakaslea. 34 urte.

  2. Ainhoa Lete Zabaleta. Langilea. 52 urte.

  3. Aitor Narbaiza Amasorrain. Ur analista. 33 urte.

  4. Maite Usabiaga Uranga. Irakaslea. 42 urte.

  5.  Aitor Aranzabal Gallastegi. Hardware diseinatzailea. 38 urte.

  6. Zihortza Marzan Usandizaga. Erizaina. 41 urte.

  7. Jesus Telleria Telleria. Erretiratua. 64 urte.

  8. Olatz Manuel Ezenarro. Irakaslea. 41 urte.

  9. Markel Azkargorta Cid. Administraria. 42 urte. 

  10. Eider Usobiaga Isazelaia. Irakaslea. 29 urte.

  11. Iñigo Alberdi Miguel. Metaleko langilea. 57 urte. 

  12. Rosa Narbaiza Erdabide. Erretiratua. 68 urte. 

  13.  Andoni Moñux Garcia.  Ingeniari industriala (praktiketan). 23 urte.

  14. Maitane Arteaga Urrutia. Erizaina. 29 urte.

  15. Iñigo Zaitegi Bikuña. Erretiratua. 70 urte.

  16. Lupe Olabarria Arana. Erretiratua. 73 urte.

  17. Josu Agirrezabal Alberdi. Suhiltzailea. 36 urte.

  18. Nere Aspiazu Bascaran. Nekazaria. 34 urte.

  19. Juan Luis Gonzalez Lopez. Metaleko langilea. 59 urte.

  20. Nagore Iñurrategi Irizar. Irakaslea 45 urte.