Herri ekintzailea eta bizia izan da historikoki Bergara, dinamika handikoa bai ekonomia arloan, kulturan, arlo sozialean edota herrigintzan ere. “Orain dela urte batzuk, baina, distira galduta izan du, eta 2019an alkatetzara heldu ginenean oso argi geratu zitzaigun: Bergara grisa jaso genuen”, esan du Gorka Artola alkategaiak.
Azken lau urte hauetan, baina, biziberritzen hasi da. “Eta horretan jarraituko dugu. Berriro ere herri bizi eta koloredun bihurtuko dugu Bergara. Herritarron bizi kalitatea hobetu duten hainbat proiektu gauzatu ditugu, eta baita herria kulturalki eta sozialki aberastu dutenak ere. Eta hori guztia, gainera, askotariko arlotan lanean diharduten eragileekin eta herritarrekin elkarlanean egin dugu. Gure egiteko modua hori delako”, dio EH Bilduren alkategaiak. “Hurrengo lau urteetan hasitako bide horrekin jarraitzeko prest gaude. Baditugu proiektuak, badugu hori aurrera eramateko taldea, eta baditugu lanerako indarra eta gogoa. Periferiak erdigunera ekarriko ditugu. Haur eta gaztetxoei hitza ematen, kulturan Arrizuriaga kultur ekosistema elikatzeko eta berritzeko gune bihurtuta, etxebizitzak eskuratzeko zailtasunak dituztenei lagunduta edota Bergara zaintzen duen herria bihurtuta”, azpimarratu du Artolak.
2023-2027 agintaldirako horretarako egindako saioetan herritarrekin landutako Herri Programan jasotzen diren proiektu nagusiak aurkeztu dituzte Bergarako EH Bilduren zerrendakideek. Artolaren hitzetan, “askotarikoak dira ditugun proposamenak, baina guztiek ere helburu argi bat dute: bergararrok gure herrian ondo bizitzea. Horrekin batera, horiek gauzatzeko moduan ere jarri du indarra EH Bilduren alkategaiak: “elkarlanean gauzatuko ditugu. Herritarrekin eta eragileekin batera eraikiko baitugu maite dugun Bergara”.
Arrizuriaga, kultur sorkuntzaren eta emakumeen espazioa
Eraikinaren egonkortze lanak eginda, Arrizuriaga kultur erabilerarako ekipatuko dugu eta emakumeen txokoa bertan kokatzeko beharrezko lanak egingo ditugu.
Bergarako kultur ekosistema elikatzea eta berritzea izango da Arrizuriagaren helburua, eta askotariko arte diziplinek izango dute lekua bertan: soinuarekin edo gorputzarekin lotutakoek, irudiarekin edo hitzarekin harremana dutenek... “Egunerokotasunean erabiliko den espazioa izango da, norbanako eta taldeek euren jarduna aurrera ateratzeko erabiliko dutena. Hala ere, bergarar guztiontzat egongo dira ateak zabalik, eta sorkuntzak emandakoak jendaurrean agertzeko aukera ere eskainiko du”, nabarmendu du Maite Usabiaga zerrendakideak.
Emakumeentzat erreferentziazko gune ere izango da Arrizuriaga, bertan kokatuko baitugu Emakumeen Txokoa. “Proiektua zehazteko prozesua egingo dugu mugimendu feministarekin. Elkartzeko espazio bat izateaz gain, hainbat zerbitzu eskaintzea aurreikusten da: genero indarkeriaren eta atzerritartasun legearen gaineko aholkularitza, ahalduntze eskolak...” aipatu du Ainhoa Lete zerrendakideak.
Labegaraietako kantxa estaliko dugu
Labegaraietako kiroldegi pareko kantxa estaliko dugu, erabilera anitzeko gune bat sortuz. Ur txorroten parkea eta pump truck pista ere inguruan kokatuko dira, askotariko kirol eta aisialdi eskaintza osatuz.
Zaintza modu komunitarioan landuko dugu
Modu komunitarioan zaindu eta zainduak izateko neurriak hartuko ditugu, esaterako, auzoetan zaintzarako sareak sortuz. Zaintza lanetan ari direnen izaera kolektiboa bultzatuko dugu, horrela euren lan-baldintzak hobetzeko.
Etxebizitzarako sarbidea erraztuko dugu
Alokairu bitartez gazteen emantzipazioa bermatuko duen zerbitzua diseinatu eta martxan jarriko dugu. Etxebizitza komunitarioak sustatuko ditugu, eta etxeen birgaitzea lagundu, etxe hutsak alokairura atera ahal izateko.
Energia burujabetzara urratsak emango ditugu
Udal jabetzako eraikinak energetikoki burujabe izateko neurriak hartuko ditugu, eta herriko energia komunitatearekin elkarlanean proiektuak bideratuko ditugu.
Miguel Altunaren eraikin zaharra, herritarrontzat
Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroa kokatzen zen eraikina udal jabetzakoa bilakatzeko lan egingo dugu. Liburutegi edo mediateka berria bertan kokatzeko proiektua egingo dugu.
Herri bizigarriagoa irudikatuko dugu
Basoen biodibertsitatea, lehen sektorearen garapena, ikuspegi feminista, auzoen garapen orekatua... bultzatzeko Herria Antolatzeko Plan Orokor (HAPO) berria egingo dugu.