AKTUALITATEA


| 2023-04-25 11:14:00

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Bergarako zerrenda osatu du EH Bilduk, eta
datorren ostegunean, hilaren 27an aurkeztuko du jendaurrean, 18:30ean Munibe plazan egingo
duen ekitaldian. Gorka Artola alkateak bezala, 2019-2023 legealdian zinegotzi izan diren
hainbat pertsonak hurrengo legealdirako zerrendako parte izango dira.
Aitzitik, gaur egun EH Bilduko zinegotzi diren Ekaitz Aranberrik, Juanjo Asulak eta Kristina
Markinak ez dute errepikatuko. Lau urteotan udalgintzan egindako lana amaitutzat eman, eta
Bergararekiko duten konpromisoa beste modu batera gauzatuko dute.
Hiruek aipatu dute udalgintzan egindako lau urteetako ibilbidean “asko ikasi” dutela, baina bide
hori amaitzeko unea heldu zaiela.
“Udalean zinegotzi lanetan hasi aurretik herrigintzan egindako lanari beste modu batean
jarraipena emateko aukera eman dit udalean aritzeak. Jende on asko ezagutzeko, eta egindako
ekarpenarekin gustura noa”, esan du Aranberrik.
Markinak kultura arloan jasotako ezagutza nabarmendu du. “Beti izan dut interes handia
kulturarekin, eta esperientzia hau oso aberasgarria izan da. Pertsona asko ezagutu dut, eta
plazera izan da talde honekin lan egitea. Orain beste eginkizun batzuetan aritzeko unea heldu
zait”.
“Interesgarria” izan da ibilbidea Asularentzat, ezagutzen ez zituen udal barneko gauza asko
aukera eman diolako, esan duenez. “Pertsona guztiok egin beharko genuke gure bizitzaren
uneren batean denbora tarte bat udalean, gauza asko ulertzeko eta baloratzeko balio baitu
esperientziak”, bere ustez.
Gorka Artola egungo alkateak eta alkategaia ere badenak, eskerrak eman dizkie hiruei Gobernu
taldeko kideekin batera egin duten lanagatik. “Elkar ezagutzeko aukera eman digu udaleko
abentura honek, eta egin duten lana eskertzea baino ez dagokit. Hurrengo legealdiko taldean
ez dira egongo, baina badakit talde berriaren ondoan egongo direla, eta horrek pozten nau.
Bakoitzak bere moduan egin duen ekarpena, baita pertsonala ere, beti izango dut gogoan”.