Sortu zuen zalapartagatik jakina denez, Barrikako EAJk Goierrirako birmoldaketa proiektu bat inposatu nahi izan zuen udaberrian. Hainbat urtez inguru horretan esku hartu gabe egon ondoren, Udalak proiektu bat idatzi zuen, herritarrei haien eskari nagusiei buruzko kontsultarik egin gabe, maiatzeko udal-hauteskundeekin batera gauzatzeko asmoz. EH Bilduren ustez, proiektu hori ez zen nahikoa; izan ere, urteetan inbertsiorik izan ez zuten zonalde batzuk berritzea jasotzen zuen arren, aurpegi-garbiketa bat baino ez zen, eta alde batera uzten zituen hainbat alderdi garrantzitsu, hala nola auzorako sarbidea, saneamenduko gabeziak edo Udalak inguruan duen lurzati publikoaren egokitzapena. EH Bildun beti egon gara plan integralak bultzatzearen alde, esku hartu beharreko eremuaren ikuspegi orokorra aintzat hartzen dutenak, nahiz eta horretarako faseka gauzatu beharra izan. Gure desadostasuna gorabehera, hainbeste urtetan Goierrirk inbertsioen arloan jasan deun ahanztura dela eta, EH Bilduk aldeko botoa eman zuen, prozesuan zehar herritarren parte-hartzea kontuan hartzeko baldintzarekin.
Hain zuzen ere, auzotarrak izan ziren proiektuak jasotzen zituen proposamen zehatz batzuen aurka egin zutenak, besteak beste, aparkalekuen galera, edukiontzien birbanaketa, saneamendurik eza edo zuhaitzen mozketa. Udalaren hasierako erantzuna izan zen enpresa bati esleitu zitzaiola hura egikaritzea eta, beraz, ezin zela ezer egin, ez geldiarazteko, ezta aldatzeko ere.
Auzotarren protestak, ordea, ez ziren baretu, eta hauteskundeak gertu zeudenez, ezohiko gertaera batean, Udalak bilera bat deitu zuen herritarren ordezkariekin eta oposizioko alderdiekin, hausnarketa-egunaren bezperan; hau da, hauteskundeetarako bi egun falta zirela. Bertan, eta EH Bilduk egindako galderari erantzunez, jakin zen, nahiz eta proiektua esleituta egon eta aurretik bizilagunei helarazi zitzaienaren kontra egon, nahikoa tarte eta denbora bazegoela proiektuaren alderdi garrantzitsu batzuk aldatzeko, betiere onartutako aurrekontura egokitzen baziren.
Hauteskundeak igaro eta gero, gobernu talde berria -aurreko legegintzaldiko ia pertsona berdinek osatzen zutena, baina oraingoan orain arte izan duten gehiengo absoluturik gabe- auzotarren ordezkaritza batekin biltzen hasi zen, EH Bilduko zinegotziak berriro alde batera utziz eta hurrengo batzorde informatiboetan, izandako aurrerapenen berri eman gabe; EAJk gure udalerrian izan ohi duen lan egiteko modua.
Irailaren amaieran, ordea, hainbat gertaera izan ziren. Irailaren 29an, Udalak oposizioa deitu zuen, EAJk auzotarren ordezkariekin batera egindako aldaketen emaitza erakusteko. Informazioa bildu ondoren, urriaren 2an, astelehenean, EH Bilduk eskaera erregistratu zuen proiektu berria Goierriko aurkezpen publiko batean erakusteko, herritarrek auzoan hainbeste zalaparta sortu zuen erreformari buruzko iritzia eman zezaten. Hala ere, egun horretan bertan, EAJk batzorde informatibo bat deitu zuen aste horretako asteazkenerako, hilak 4, eta horren ondoren ez ohiko osoko bilkura bat deitu zuen hilaren 5ean, hau da, hurrengo egunean, non proiektuaren esleipena onartu beharko litzatekeen.
Azaroko Osoko Bilkurara iritsi ginen proiektuan aldaketak egon ondoren eta aurrekontua %17an handitu zela eta Bilkuraren onarpena jasotzeko. Aurretik egindako hainbat eskakizunen ostean eta udal-gobernuak irailean proiektuaren aldaketak jasotzen zituenean auzokideekin eta talde politikoekin bilera eta aurkezpena egingo zituela esan ondoren, ez auzokideen aurrean ezta elkarte politikoen aurrean ez da aurkezpenik egon; eta gainera, proiektuaren moldaketan ez da saneamenduaren kontua jaso, horrenbestez zentzugabekeri honen aurka bozkatzea erabaki genuen.
Baina, proiektua ez al zegoen esleituta? Zertarako horrenbesteko presa?
Proiektua esleituta zegoen, baina ez osoko bilkuran, bere dimentsioa kontuan hartuta legokiokeen bezala, EAJk baizik. Azken honek, gehiengo absolutuaz baliatuta, kontratazio-mahai baten bidez izapidetu zuen. Mahai horretan, ohikoa denez, EAJ alderdiko kideek eta zegokien teknikariek baino ez dute parte hartzen. Kontua da prozedura hori ez dela egokia kasu honetarako, eta baliogabea izan zitekeela, eta, beraz, esleipena berriz ere udalaren osoko bilkuraren bidez izapidetu behar izan zuten.
Kudeaketa-lardaskeria ez da hemen amaitzen; izan ere, arlo teknikotik gobernu-taldeari ohartarazi zitzaion urriaren 6an amaitzen zela jatorrizko proiektuari esleitutako 28.000 euroko dirulaguntza bat jasotzeko epea, eta aldez aurretik, esleipena behar bezala eta garaiz egin behar zela. Hori dela eta, presa handia zegoen batzorde eta osoko bilkurarako deialdia egiteko, maiatzetik Udalaren berririk izan gabe egon eta gero. Hau da, korrika eta presaka deitu gintuzten EAJ bere kudeaketa txarretik salba genezan, Goierriko proiekturako dirulaguntza bat galtzeko arriskupean, gauzak egiteko duten moduarengatik.
EH Bildu abstenitu egin zen Osoko Bilkuraren bozketan, horrela, proiektuak dirulaguntza ez galtzeko, baina EAJren kudeaketa zentzugabekeria ere kritikatu genuen hasieratik, eta proiektua gauzatu aurretik, Goierriko bizilagunek parte hartzerako aukera, ezagutza eta mekanismoak izan behar zituztela azpimarratu genuen. Era berean, proiektuak dituen kontraesan batzuk salatu genituen, hala nola zonalde batean esku hartzea, non berriro egin beharko den berandu baino lehen, inguruko saneamenduan dauden arazoak konpondu nahi badira. Are gehiago, bileran Udalari eskatu genion azter zezala lehenik saneamenduari ekiteko aukera, eta, ondoren, kaleen birmoldaketa, epe laburrean kale bera bi aldiz altxatu behar ez izateko.
Laburbilduz, Goierriko birmoldaketa proiektua Barrikako EAJk nola funtzionatzen duen argi eta garbi erakusten duen adibide bat da. Inguruko bizilagunei galdetu gabe, eta haien eskaerak eta lehentasunak ezagutu gabe, hauteskunde-kanpainarako argazki polita eskaintzen zion plan bat diseinatu zuen. Hala ere, gauzak ez ziren aurreikusi bezala atera, eta auzotarren mobilizazioek eta gauzak patxadaz kudeatzeko erakutsitako ezintasunak – nahiz eta hasieran gehiengo osoa izan –, benetako kudeaketa-esperpentoa ekarri du, Goierriko auzokideek eta, oro har, Barrikakook merezi duguna. Ikusten denez, legegintzaldi aldaketak eta gehiengo osoaren galerak ez dute EAJren lan egiteko modua aldatu, nahiz eta oraingoan iBarrikaren botoaren mende egon orain arte bezala funtzionatzen jarraitzeko.
Eta EAJren kudeaketzeko moduaren adibide bat gehiago dela diogu, eta ez kasu isolatu bat, zeren eta, urrutirago joan gabe, Goierriko eraberritzea Osoko Bilkuran ebatzi zen egun berberetan, kaltetutako bizilagunengandik jakin baikenuen Udala Zabaletxe-Kurtzio eremuko jabeei jakinarazten ari zitzaiela beren lursailen zati bat bi puntuak batuko zituen espaloi bat egiteko lagatzeko -desjabetzeaz ari da proiektua-. Herritar horiek, Udalaren kontsultak asaldatuta, antolatzen hasi dira, Barrikako EAJk inposatu nahi dien esku-hartzearen aurka daudela adierazteko, beste behin ere, kaltetuen iritzia kontuan hartu gabe datorrena. Aurreko kasuan bezala, honetan ere, EAJ ahalegintzen ari da EH Bildu proiektutik at uzteko eta bere gestioei buruzko ahalik eta informazio gutxien emateko.