AKTUALITATEA


| 2025-07-21 17:31:00

Uztailaren 16an osoko bilkura egin zen Barrikako Udalean. Eguneko gai-ordenari ekin aurretik, bertan puntu bi sartzeko botazio bana egin zen. Lehenengoa, EH Bilduk Barrikako anbulategiaren inguruan ekainaren 6an sartutako mozioa. Eta bigarrena, epaiketaz kanpoko kreditu aitortzaren inguruko puntuan 2024ko faktura bat sartzeko. Bi kontuok eguneko gai-ordenean sartzea ahobatez onartu zen.

 

Hemen duzue, puntuz puntu, osko bilkuraren laburpena.

 

1.- Aurreko osoko-bilkurako aktaren onarpena

 

Akta ez dago, hortaz, hurrengo bileran onartuko da.

 

 

2.- Dekretuak

 

Itziar Unibaso EAJko alkateak maiatza eta ekaineko alkatetza-dekretuak irakurri zituen.

 

EH Bilduko ordezkariek galdetu zuten noizko egongo zen Jubilatuen Etxeko tabernako langileak subrogatzeko beharrari buruz Barrikako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatutako txostena. Itziar Unibaso alkateak erantzun zuen ez dutela eperik aipatu.

 

EH Bilduko ordezkariek aipatu zuten Jubilatuen Etxeko tabernaren lizitazioa “desierto” geratu dela. Ondorioz, taberna itxita dago eta horrela jarraituko du lizitazio berri bat egin arte.

 

EH Bilduko ordezkariek galdetu zuten zein den hondakinen kudeaketa hobetzeko Barrikako udal gobernuaren plana. EAJko zinegotzi batek honakoa erantzun zuen: “Plana da inork ez duela birziklatzen. Hilabete honetan organikoaren 1.000 kilo gutxiago jaso ditugu”.

 

EH Bilduko ordezkarien arabera, hondakinen asko sortzen dituztenek (Barrikan dauden bi egoitza eta sei taberna eta jatetxeek) gutxiegi ordaintzen duten familiekin alderatuta, eta salatu zuten denei berdin igo zaiela hondakinen bilketa tasa. “Ezin dugu horrela jarraitu”, gaineratu zuten, “sostengaezina” da. Udalak 98.000 euro galduko ditu hondakinekin.

 

EAJko ordezkariaren hitzetan, Barrikako 794 familiak dira hondakin gehien sortzen dutenak.

 

 

3.- Fakturak

 

EH Bilduko ordezkariek aholkularitza laboral eta kontablearen zerbitzuaren espedientea eskatu zuten.

 

 

4.- Epaiketaz kanpoko kreditu aitortza

 

Puntu honetan, ordaindu gabeko lau faktura ordaintzea proposatzen zuen udal gobernuak. Horietako bat, 2023koa zen, Deia egunkarian publizitatea sartzearen ingurukoa. Eta beste bat, 2024koa, Plentziako kopistegiarena.

 

Ahobatez onartu zen.

 

 

5 eta 6- Artepeta 40 eta 42an partzela bi saltzea

 

Udal gobernuak Udalaren jabetzakoak diren bi lursail salgai jartzea proposatzen zuen, hauekin lortzen zen diruarekin proiektu bat finantzatzeko.

 

EH Bilduko ordezkariek galdetu zuten ze proiektutarako izango zen salmentarekin lortutako dirua eta udal gobernutik erantzun zitzaien Goierri eta Artepeta arteko espaloia eraikitzeko izango zela, baina ez zegoela honetarako ez proiekturik ez aurrekonturik.

 

Lursailak salgai jartzea onartu egin zen EAJ eta iBarrikako ordezkarien botoekin eta EH Bildukoek kontra bozkatu zuten, oraindik ez dagoelako ez proiekturik ez aurrekonturik.

 

 

7.- Udaleko langileen soldata igoera

 

Ahobatez onartu zen

 

 

8.- EH Bilduren mozioa, osasun etxearen zerbitzua hobetzeko eskatuz

 

EH Bilduko ordezkariek zehaztu zuten kupo osoa eskatzen diotela Osakidetzari, hau da, osasun etxea egun osoko ordutegian zabaltzea (8:00etatik 15:00etara) eta lan-talde osoarekin (medikua, erizaina eta administraria). Eta ondoren, sartutako mozioa irakurri zuten.

 

MOZIOA: Barrikako osasun arreta duinaren alde

 

JUSTIFIKAZIOA

Azken asteetan, Barrikako Udal Gobernuak kontsultategi medikoaren ordutegiaren luzapena aurkeztu du lorpen gisa. Hala ere, egoera aztertu ondoren, ondorioztatzen dugu neurri honek ez dakarrela osasun zerbitzuaren hobekuntza esanguratsurik, eta, are gehiago, hainbat arazo eta arrisku sortzen dituela, bai Barrikan, bai inguruko herrietan.

 

Ordutegi luzapen hori ez da mediku titularrarekin adostu, eta haren lan-baldintzak okertu egiten dira: babes gabe, laguntzarik gabe jardun behar du lehenengo ordu horretan, larrialdirik egonez gero ere. Izan ere, ez da aurreikusi ez erizainaren ez administrariaren ordutegiaren aldaketarik, eta, horren ondorioz, medikua bakarrik geratzen da.

 

Bestalde, luzatutako ordu hori Plentziako kontsultatik kendu da, eta horrek Plentziako erabiltzaileen haserrea eta itxaron-zerrenden handitzea eragin ditu. Honek argi uzten du, berriz ere, osasun publikoaren baliabide urriak modu okerrean banatzen ari direla.

 

Gainera, egoera honek guztiz kalte egiten dio Barrikako medikuaren egonkortasunari, eta dagoeneko ohartarazi da beste udalerri batera lekualdatu litekeela, lan baldintza hobeak eskaintzen dizkiotelako.

 

Horri guztiari gehitu behar zaio udako oporraldien garaian egoera larriagotu egiten dela, ordezkapen falta eta plantilla murritzarekin. Biztanle kopurua handitzen da uda partean, eta horrek presio handiagoa eragiten du jada kaltetuta dagoen zerbitzuan.

 

Barrikak 1.500 biztanle baino gehiago ditu, eta 2025eko maiatzean onartutako HAPO berriaren arabera, 400-600 etxebizitza berri eraikitzeko aurreikuspena dago. Horrek agerian uzten du herrian osasun arreta propioa eta egonkorra izateko premia dagoela.

 

PROPOSAMENAK

 

Horrenbestez, Barrikako Udalbatzari honako hau erabakitzea proposatzen diogu:

 

1. Osakidetzari eskatzea Barrikako osasun kupoa osoa aitortu dezala, herriaren tamaina eta aurreikusitako hazkundea kontuan hartuta.

 

2. Osasun zentroan ordutegi osoz arreta eskaintzea, eta horretarako mediku, erizain, administrari eta osasun teknikari egonkorrak esleitzeko eskaria egitea.

 

3. Barrikako Udalak, Plentziako Udalarekin eta gainerako erakundeekin batera, osasun arreta duinaren aldeko aldarrikapen bateratua egin dezala, herritarren eskubideak defendatzeko.

 

4. Udako hilabeteetan aurreikus daitezkeen gabeziei aurre egiteko, Osakidetzari eskatzea oporrak behar bezala ordezkatzeko eta zerbitzua ez kaltetzeko neurriak har ditzala.

 

5. Mozio honen edukia helaraztea Osasun Sailari, Osakidetzari eta Osasun Publikoaren Defentsarako Foroei, baita Barrikako eta Plentziako herritarrei ere, informazioa gardentasunez eta modu aktiboan zabalduz.

 

Alkateak, Barrikako udal gobernuak osasun etxearen inguruan Osakidetzaren aurrean egindako kudeaketen berri eman zuen, martxoaren 10ean osasun zerbitzu publikoaren arduradunei gutun bat bidali zietela eta eurekin bilera bat egin zutela azalduz. Eta honen ondorioz, osasun etxearen ordutegia luzatzea lortu zela. 1. fase batean 11:30etik 15:00etara bitartekoa izango da, eta 2. fase batean 8:00etatik 15:00etara.

 

EH Bilduko ordezkariek salatu zuten ez dutela gaiaren inguruko informaziorik izan, ordura arte ez baitzuten izan Barrikako udal gobernuak Osakidetzako arduradunen aurrean egindako kudeaketen berri izan.

 

Alkateak adierazi zuen “Osakidetzak honezkero onartu egin duela Barrikak osasun kupoa duela”.

 

Mozioak EH Bilduko ordezkarien aldeko botoak jaso zituen eta EAJ eta iBarrikakoen kontrakoak. Hortaz, ez zen onartu.

 

 

9.- Galdera eta erreguak

 

EH Bilduko ordezkariek adierazi zuten gardentasunaren inguruan bere egunean sartu zuten mozioan onartutakoa ez dela betetzen ari, legez kanpoko egoera baten gaudela azpimarratuz.

 

Gainera, adierazi zuten behin eta berriro eskatu dutela udalaren lizitazioetan hizkuntza inklusiboa erabiltzea, baina udal gobernuak ez duela honelakorik egiten.

 

Aurreko egun batean Lukasene parean egon zen auto istripua ere hizpide izan zuten EH Bilduko ordezkariek, Goierri eta Zabaletxe artean egingo den eta bizikletaz ibiltzeko ere izango den espaloiaren inguruko kezka adieraziz, berau arriskutsutzat jotzen baitute.

 

Udal gobernutik erantzun zitzaien Ertzaintzari informazioa eskatuko diotela eta baita isunak jarriko dituen radar bat ere (aipatu istripua kotxeen gehiegizko abiadurarengatik izan zen).

 

 

Herritarren interbentzioak

 

Herritar batek bere kexua adierazi zuen Udalak obra baimena eman diolako bere auzokide bati azken hau bere lurretan obrak egiten ari denean.

 

Beste herritar batek Nagusien Etxeko tabernaren egoerari buruz galdetu zuen (itxita daramatza hilabete batzuk). Udal gobernutik erantzun zioten aurkeztu ziren bil lizitatzaileak atzera bota zirela eta udala Bizkaiko Foru Aldundiaren txosten baten zain dagoela, lizitazio berri bat ateratzeko.

 

Hondakinen inguruko beste interbentzio batzuk ere egon ziren.