USOAko hiru langile zigortuak izan dira hauteskunde delitua egotzita, hitzarmen duin bat eskatzen zuen mobilizazio batean parte hartzeagatik. Joan den uztailean, USOA enplegu zentro bereziko hiru langile, hitzarmen kolektibo duin bat eskatuz astero udaletxe aurrean protestak egiten ari zirenak, identifikatu egin zituen Ertzaintzak, aldi berean EAJren hauteskunde mitin bat egiten ari zelako. Mitin horretan, berriro lehendakaria hautatu izan zen Iñigo Urkulluk parte hartu zuen.
Ia urtebete geroago, 600 euroko zigorrak jaso dituzte "hauteskunde delituagatik". Gogoan izan behar da mobilizazioa asterokoa zela, legeztatuta eta baimenduta zegoela; eta Ertzaintzak berak, hauteskunde-ekitaldi batekin bat egin zuenez, protesta Herriko Plaza egiten zen ohiko lekutik kanpo egitera behartu zuela.
USOAko enpresa batzordeak erresistentzia kutxa bat sortu behar izan du zigor hauei aurre egiteko. Enplegu-zentro berezi bateko langileez ari gara; beraien nominak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren ingurukoak dira, eta, behin eta berriz antolatutako mobilizazioetan salatzen dutenez, gaur egun Barakaldoko Udalari enpresa publiko horrentzako hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzeko eskatzen jarraitzen dute.
300 langiletik gora dira, lan-hitzarmen duin baten faltari eta 2018ko kontratazio publikoaren legeak ekarritako etorkizunari buruzko ziurgabetasunari aurre egin behar dietenak. Eta orain, protesta legitimo baten ondorioz, plantillako hiru pertsonak isuna ordaintzera behartuak izango dira.
Langile hauen prekarietate larriko egoeraren aurrean informazio faltari, gehitu behar zaio oraingoan tailer hau kudeatzen duten arduradun politikoen gertakari berri honekiko enpatia falta.Horregatik, EH Bilduk publikoki eskatzen dio Amaia del Campori, Barakaldoko Udaleko USOA enpresa publikoaren arduradun nagusia den aldetik, bere plantillako hiru kideri jarritako zigor bidegabe honen aurka egin dezala, eta behingoz udalak sozietate publiko honen etorkizuna argitu dezala.